Energia eta klima aldaketa, aurtengo ikasgaiak
Errenteria-Oreretako ikastetxeetako 3.300 ikaslek hartuko dute parte Eskolako Agenda 21 programan. Aurtengo gaia, energia eta klima aldaketa.
Eskolako Agenda 21 programa jarri du martxan udalak herriko ikastetxeekin. Aurten, energiaren gaia berrikustea erabaki dute, oraingoan, klima aldaketa barneratuta. Bizarain LH Ikastola, Bizarain DBH Ikastola, Cristobal Gamon LHI, Don Bosco, Egiluze Gurutzearen Alabak, Koldo Mitxelena Institutua, Koldo Mitxelena Herri Ikastetxea, eta Telleri Alde ikastetxeak hartuko dute parte , 3.300 ikaslek baino gehiagok.
Ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan ikasleek gaia ezagutu eta sentsibilizazio jarduerak egin dituzte. Ikastetxe bakoitzeko diagnostikoa egin dute ondoren, gaia nola jorratzen den ikastetxe bakoitzean aztertu, ikastetxe bakoitzak duen energia kontsumoa aztertu eta hura nola hobetu erabakitzeko.
Bigarren hiruhilekoan berriz, herria aztertu beharko dute. lanketa zikloka banatuta, dauden ohiturak eta energia kontsumoek ingurumenean duten eragina ezagutuko dituzte: argiztapen sistemak, berokuntza, elektrizitate tresnak, berotegi efektuko gasak, klima aldaketarekin duen harremana…
Azken hori 5 eta 6. mailako ikasleek aztertuko dute kalera irtenda helduenen iritziak jasoko dituzte inkesta baten bidez. Galdera zehatza egingo diete: Eguraldia benetan erotzen ari al da? Askotan egiten diren baieztapenak frogatzeko aukera izango dute horrela, lehen elur gehiago egiten zuela, zirimiria desagertu dela, oraingo tenperatura aldaketa bortitzak ez zirela gertatzen…
Bigarren hezkuntzakoak berriz, herritarrek energiaren kontsumoarekin lotuta dituzten ohiturak eta jokabideak jasoko dituzte. Azken hiruhilekoan ikasmaila ezberdinetan egindako lana bateratuko dute eta ikastetxe ezberdinetako ikasleak foro bakarrean elkartuko dira gaia hobetzeko hartutako konpromisoak eta udalari eginbeharreko proposamenak adosteko.