Sutea Errenteriako Maurice Ravel kalean

Sutea izan da goizaldean Errenteriako Beraun auzoko Maurice Ravel kalean. Antza, kale horretako 12-14 sotoen artean aparkatua zegoen auto batek su hartu du, eta inguruan zituen beste lau autok eta motor batek kalteak izan dituzte suteagatik. Ez da ezbehar pertsonalik izan. Suhiltzaileak berehala iritsi dira gertakariaren tokira, sutea kontrolatuz. Hainbat anbulantzia ere izan dira bertan, baita Ertzaintza eta Errenteriako Udaltzaingoa ere.
03:30ak inguruan hasi da sutea. Autoak kiskalita gelditzeaz gain, horien ondoko etxeraino iritsi dira garrak, bigarren pisuraino zehazki. Bertako bizilagunak, hasiera batean etxearen goialdera joan dira, eta ondoren, etxetik atera dira.
Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, suteak ondoan zegoen etxearen fatxadan kalteak eragin ditu, eta polizia bat artatu behar izan dute kea arnastu duelako. Alkatea, Hirigintza zinegotzia eta udal teknikariak kalteak bertatik bertara behatzen ari dira, eta udal langileak eremua egokitzen ari dira.
Ertzaintzaren ikerketa unitate espezializatu bat ari da gertaera aztertzen.