Zigor Gartziaren zeramika lanak Zirizan ikusgai
'Kostako bidetik' izenburua du erakusketak, sortzaile sanpedrotarrak Talaia bidean inspiratutako lanak sortu dituelako.

Zigor Gartzia sanpedrotarraren zeramika erakusketa zabalik da Trintxerpeko Ziriza Etxean. Kostako bidetik izenburupean, Gartziak mendian inspiratuta sortu dituen azken zeramika lanak jarri ditu erakusgai.
Trintxer Kultural elkarteak antolatu du erakusketa. Izan ere, Gartziak elkarte berberak 2017. urtean antolatutako Sormen Lantegietako irabazlea izan baitzen, eta orain ondu duen erakusketa da, hain zuzen, sari haren emaitza.
Lehengo ostiralean inauguratu zuen Gartziak erakusketa, lagunak inguratuta. Gartziak berak adierazi duenez Ziriza biltzen den bisitariak “esperientzia bat biziko du”. Izan ere, ikus-entzunezkoak lagundutako erakusketa bat baita, aukeran, iluntzeetan bisitatzea komeni dena.
Erakusketa martxoaren 5era bitartean egongo da zabalik, eta egunero bisita daiteke 18:00etatik 20:00etara.