"Edukiontzi inteligenteak" jarriko dituzte Pasaian
Poltsa konpostagarriak doan banatuko dituzte
Pasaiako Udalak eta Ingurumen Sailak sinatutako hitzarmen berri bati esker, errefusa biltzeko 65 edukiontzietan sentsoreak jarriko dituzte. Horrez gain, organikoa biltzeko poltsa konpostagarriak doan banatuko dituztela iragarri dute.
Aurkezpenean zehaztu dutenez, “edukiontzi inteligenteak eguzki-plaka batekin elikatzen dira”, eta “sentsore bolumetrikoa dute bertara botatzen diren hondakinen pisua eta edukiontziaren betetze maila neurtu eta egunero-egunero horien berri emateko”.
Jasotako informazioari esker, bilketa-ibilbideen eraginkortasuna hobetu nahi dute, eta, aldi berean, kamioien CO2 igorpenak murriztu. Horiez gain, edukiontziak gainezka ez egotea eta bide publikoan hondakinak utzi behar ez izatea ahalbidetu nahi dute, “garbitasun arazoak saihesteko”. Edukiontzi gehiago non behar diren jakingo dute baita ere aurrerantzean jasoko duten informaziori esker.
Pasaiako Udalak abian jarritako 65a helburu planean jasotako neurrietako bat da. Aldundiak 38.000 euroko ekarpena egingo du ekipamendurako. Martxoan jarriko dute sistema berria martxan.
Europak agindu baino lehen
Izaskun Gomez alkateak nabarmendu duenez “beste aurrerapauso bat” da, “birziklatzean aurrera egiteko eta Pasaiaren emaitzak hobetzeko”. Gomezen arabera, Pasaiako emaitzak Gipuzkoaren (% 52,99) eta San Markos Mankomunitatearen (% 46,7) emaitzak baino hobeak dira eta Pasaian bilketa-datuek % 56 gainditzen dutela zehaztu du.
Europak 2030erako ezarritako % 65eko helburua askoz ere denbora tarte laburragoan lortuko dutela gaineratu du Izaskun Gomezek, eta “hori guztia borondatezko sistemekin eta inposiziorik gabe”.