EH Bildu: "Onartezina da Izaskun Gomezek Itsas Festibala bere kanpaina pertsonal gisa erabiltzea"
Alkateak Itsas Festibala antolatzeko hitzarmenarentzako ekarpenik ez duela onartu salatu du koalizio abertzaleak.
'Kaskelot' porturatzeko unean, Itsas Festibalaren lehen egunean Pasaiako Udalak Itsas Festibalaren antolakuntzarako lau urteko hitzarmena du esku artean. Datorren astearteko udalbatzan bozkatuko da eta sorpresarik ezean arazorik gabe aterako du aurrera Udal Gobernu Taldeak.
EH Bildu, baina, kritiko agertu da gaia kudeatzeko moduarekin, eta plenoaren atarian salatu nahi izan du alkateak bere kanpainarako erabiltzen ari dela Itsas Festibala.
EH Bilduk jakinarazi duenez, gobernu taldeak batzorde batera deitu zuen oposizioa hitzarmenaren berri emateko. Bilerara “ekarpenak egin” asmoz eta “adostasuna lortzeko helburuz” joan zirela gaineratu dute koalizio abertzaleko kideek, baina alkateak ekarpenik ez zuela onartu salatu dute: ” Alkateak onartu ezin dugun danbatekoa eman zigun beste behin”, kexu dira, eta “inolako ekarpenik onartu gabe, gaia plenora eramatea erabaki du”, gaitzetsi dute, “batzordea tramite huts bihurtuz”.
“Argi dago Izaskun Gomezek EAJren baiezkoa izango duela musu truk, eta ez duela beste taldeen beharra udalbatzarrean ezer onartzeko, baina hauteskundeen atarian 2020 eta 2022ko Itsas Festibalak nola egingo diren horrela onartzea onartezina da”, gaineratu dute.
Kudeaketa eredu berri bat aldarri
EH Bilduren arabera “Pasaiako proiektu estrategikoetan guztion adostasuna bilatu” beharra dago. Ildo beretik, “Pasaiak beste lidergo bat behar” duela defendatu dute, “erabakiak herritarrekin partekatuko dituen lidergoa”.
Horrez gain, Pasaiako etorkizunarentzat egitasmo kulturalak indartzea giltzarri dela defendatu dute, eta herria soilik turistei begira antolatu ordez, egitasmo kulturalak “herriak sortuak eta herritarrentzat” izan behar dutela defendatu dute.
Plenoan hartuko duten jarrera argitzeke, EH Bilduk iragarri du ildo horretan jarraituko duela lanean.
