Gaztañoko trenbide pasagunean lanak egingo dituzte
Pasagunea altxatu eta berritu egingo dute. Bi astez itxita egongo da Gaztañorako sarbide hori autoentzat.
Gaztañoko pasabidea konpontzeko lanak hasiko dituzte astelehenean. Gaztañoko trenbide-pasagunea altxatu eta berritzeko lanak hasiko dituzte datorren astelehenean (hilak 25). Lanek bi asteko iraupena izango dute eta gauez egingo dituzte. Trenbidea erabat altxatuko dute, eta egunean zehar behin behinekoak jarriko dituzte zerbitzua eman ahal izateko.
Hori dela eta, ibilgailuek ezingo dute hortik pasatu, eta Gaztañorako sarbidea, auzoko festetan bezala Altxu kaletik egin beharko da.
Gaztañoko sarbide nagusia Euskotreneko Erdialdeko geltokiko trenbide-pasagunea da. Pasagune horren egoera “kaxkarrarekin” kezka azaldu zuen Gaztañoko Auzo Elkartea, eta kezka berria ez bada ere, hari irtenbidea ematea exijitzeko hainbat ekintza abiatu zituen pasa den irailean. Pasabide duina eskatu zuten. Lan horiekin Gaztañoko auzotarrentzat buruhaustea izan den pasabidearen arazoa konponduko da.
