LAB kalera atera da soldata arrakalaren kontrako egunean
Neurri zuzentzaileak proposatu dizkiote Oiartzungo Udalari
Soldata arrakalaren kontrako eguna da gaur, eta hori baliatuta Oarso Bidasoko LABek hainbat mobilizazio egin ditu Oiartzunen. Goizeko lehen orduan martxoak 8ko greba deialdiaren gaineko propaganda banatu dute kalean eta komertzioetan, eta ondoren batzarra egin dute udaletxeko langileekin, besteak beste “udalean ematen den soldata arrakala” aztertzeko. Arrakala gainditzeko neurri zuzentzaileak ere adostu dituzte, eta batzarra bukatuta publiko egin dituzte, agerraldi baten bidez.
LABek nabarmendu duenez, “soldata arrakala ez da kopuru bat, arazo politiko bat baizik”. Gaineratu duenez, helburu argia dauka arrakalak: “Emakumeek egiten duten lana gutxiestea eta lan produktiboaren balioa indartzea, modu honetan, zaintza lanak ikusezin, gutxietsi, ezkutuko, doako eta eremu pribatukoak bihurtuz”.
Ohartarazi dutenez “dagoen soldata arrakalarik handiena soldata truke lan egiten duenaren eta aitortzarik ez duelako lana doanik egin behar dutenen artekoa da”. Horiez gain, “emakumeen artean dauden soldata bereizketak” nabarmendu dituzte, “adinaren, egoera administratiboaren, jatorriaren, klase sozialaren edota aniztasun funtzionalaren araberakoak”.
Horregatik guztiagatik, “emakumeek egiten duten aitortu gabeko lanek balioesteko eskatzeko, martxoak 8an planto” egitera deitu dute eta iragarri dute, Oiartzungo Udaleko pertsonal batzak bat egingo duela mugimendu feministaren deialdiarekin.
Udaletxeko azterketa eta proposamenak
Batzarrean ondorioztatutakoen berri ere eman dute, eta udaletxean soldata arrakalari dagokionean zer hobetu badela adierazi dute. Horien artean, “etxez etxeko zerbitzu feminizatuaren dagoen balorazio eskasa, eta baita garbitzaile lanpostuari ematen zaion balioa ere, gizonez beteta dagoen kaleko zerbitzuarekin alderatuta”.
Hutsuneak aipatuta hainbat neurri zuzentzaile proposatu dituzte baita ere, arrakalak eragin handiena duen zerbitzuei begirakoak.