Saharako Estatua aldarrikatu zutenetik 43 urte bete direnean, adierazpen instituzionala egin du udalak
Saharako herriak 43 urte daramatzala borrokan Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurrean nabarmendu dute adierazpen horretan, eta egoerak irtenbiderik gabe jarraitzen duela.
Saharako Estatua (SEAD) aldarrikatu zutela 43 urte bete dira gaur, eta horren harira, adierazpen instituzionala egin du aho batez Errenteriako Udalak. Saharako herriak 43 urte daramatzala borrokan Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurrean nabarmendu dute adierazpen horretan, eta egoerak irtenbiderik gabe jarraitzen duela, “horrenbestez, lurralde okupatuetan zein Tindufeko errefuxiatu sahararren kanpalekuetan bizi diren biztanleak haien giza eskubideak urratuta dituzte, okupaziopean edo errefuxiatuta bizitzera derrigortuta”.
Nazio Batuek urratsak egin dituztela aitortu du adierazpenak, bestalde, Fronte Polisarioa eta Marokoko Erreinuaren arteko elkarrizketa desblokeatzeko sei urte baino gehiago etenda egon eta gero. Alderdi politikoei Saharakoa uzia agendetan txertatzeko deia egin diete, baita Saharako herriaren askatasunarekiko konpromisoa adierazi dezaten. Horrenbestez, Fronte Polisarioa dela Saharako herriaren ordezkari bakar eta legitimoa berretsi dute Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez, eta salatu dute Mendebaldeko Saharan dagoen marokoar okupazioan ilegala dela, eta ezin duela Saharako Herriaren autodeterminazio eta independentzia eskubidea urratuko duen ondorio politiko edota juridikorik izan. Marokori, preso politiko eta kontzientzia preso saharar guztiak askatzea exijitu dio udalak, bestalde, eta horrek kontrolatzen dituen kartzeletan giza eskubideen urraketak amaitu daitezen, presoen osasun fisikoa eta psikikoa bermatuz. Mendebaldeko Saharanren gatazkaren irtenbide justu eta behin betikoa lehen baileen bideratu dezala eskatu diote Nazio Batuei
SEAD aladarrikatu zeneko 43. urteurrenaren harira, euskal erakunde eta elkarteetako ordezkariak Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara joango direla jakinarazi dute azkenik, “Saharako Herriaren borroka justuaren aldeko konpromisoari eusteko”.
Sahararen gaineko adierazpen instituzionala, SEAD-en 43. urteurenean