Kultur ekitaldiak egingo dituzten eragileentzako diru laguntzak onartu dituzte
43.500 euro bideratuko dituzte ekitaldiak aurrera eraman daitezen. Horrez gain, San Marko Mankomunitatearen 2017ko aurrekontuak balio gabe utzi dituzte.
Otsaileko plenoan 21 puntu jorratu zituzten atzo. Eraso matxista salatzeaz gain, beste hainbat gai jorratu zituzten. Tartean, herriko eragileek antolatzen dituzten ekitaldiak diruz laguntzeko proposamena. Guztira, 43.500 euro bideratuko dituzte horretara. Udalaren webgunean emango dute horien xehetasunen berri.
Diru laguntza ugari onartu zituzten atzokoan. Esaterako, Arraztalo elkarteari eman beharrekoak. Gaixo psikikoen bizimodua hobetzeko elkarteri 53.000 bideratuko dizkiote. Beste 18.000 euro joango dira zailtasunak edo babesgabetasunean bizi diren haurrentzako.
Oiartzun Irratia kudeatzen duen Hitz Hots elkarteari 49.000 euro emango dizkiote aurten, irratiak bere bidea egiten jarrai dezan. 2023ra arte iraungo du hitzarmenak. Laguntza ekonomikoez gain, azpiegiturari dagokion puntu bat onartu zuten: Lartaun abesbatzari lau urtez lagako diote Madalensoro pilotalekuko lokal bat, entseatzeko.
Puntu horietan guztietan bat egin zuen EAJk, baina Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneari eman beharreko laguntza ekonomikoaren puntuan abstenitu egin ziren. Euskara normalizatzeko bidean, Oiartzuarren Baitan, Kuadrillategi, euskara elkarteari berari, motibazio saioak eta Txerri Eguna bezalako proiektuak sustengatzeko ia 99.000 euro bideratuko dituzte.
Rafael Bergaretxe udal talde jeltzaleak beraien abstentzioa azaldu zuen. Euren ustez, lau urteko hitzarmen bat ezin da justifikatu, ez dutelako hainbesteko proiekziorik. “Hitz Hotsena, adibidez, justifikatzen da, irrati baten funtzionamendua egunero delako, eta tratamendu ezberdina behar duelako”.
San Markoren auzia
Hondakinen gaia jorratzen zuen puntu bat ageri zen gai zerrendan. Zehazki, hiri hondakinen bilketa eta kale hondakinen kontratua luzatzekoa. FCC enpresak emango du zerbitzu hori, beste urtebetez. Hori bai, igoera bat egongo da: garbitzeko bi ibilgailu erre ziren, eta horiek ordezkatzeko partida bat bideratu zuten. EAJ hor ere abstenitu zen, atez ateko sistema berrikusteko garaia iritsi dela uste dutelako. Arrazoia: edukiontziek beste malgutasun bat ematen dutela, eta beste hainbat udalerrietan datu onak ematen dituela.
Puntu hori aprobetxatu zuen Eneritz Arbelaitz alkateorde eta Ingurumen Saileko arduradunak erantzun zion. Azaldu zuenez, iazko datuak jaso berri dituzte, eta Oiartzungo datuak %80tik gorako bereizketa maila mantentzen dute. Horrez gain, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak organikoen karakterizazioaren datuak eman zizkieten. Oiartzunen kasuan, %0,74 dira, eta beste udalerrietan %10 inguruan ibiltzen dira. “Oiartzuarrak zoriontzeko eta harro egoteko moduko datuak dira”, esan zuen Arbelaitzek. Gaineratu zuenez, beste herrietan errefusa jasotzen duten edukiontzietako hondakinen %85 birziklagarria izan ohi dela.
Horrez gain, Arbelaitzek albiste bat emateko aprobetxatu zuen: San Markos Mankomunitatearen 2017ko aurrekontuei jarritako helegitearen epaia irabazi dute, beste behin. 2014tik ari dira helegiteak jartzen, udalerri bakoitzak jasotzen duen zerbitzuaren arabera ordaindu behar duela iritzita. Orain arteko epai guztiek arrazoia eman diete.
Bestalde, Oiartzun Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintzari Partzuergoan sartuko da, Xorrolaren zerbitzua hobetze aldera.