Pasaia Kayak, itxaropentsu Euskadiko Txapelkerako
Pasaia Kayak biharko Euskadiko Txapelketan izango da, inoizko ordezkaritza zabalenarekin. Irunen da txapelketa, Bidasoa ibaiko eremuan.
Bihar (larunbata) jokoan izango da Irunen, Bidasoa ibaian eta Santiagotarrak Kirol Elkarteak antolatuta Ur Lasaietako Euskadiko Neguko Piraguismo Txapelketa, 5.000 metroko distantzian (Kadete Mailatik gorako kategorietan). Bertan izango dira Pasaia Kayak-eko palistak, azken urteetako ordezkaritza zabalenarekin. Aro berria abian du Pasaia Kayak-ek, Donostia Kayak-etik bereizi eta gero.
Ordezkari asko izango ditu Pasaiako taldeak Irunen. Dominaren bat lortzea dute helburu. Hala, gizonen maila nagusian Ion Carballo dute dominen borrokan aritzeko hautagai nagusi, Gipuzkoako txapeldun izan baitzen. Iñigo Lois eta Antton Araneta gogor arituko dira aldi berean goiko postuetan ibiltzeko.
Emakumeetan, Junior Mailan, taldearen buru Aiora Irazu oiartzuarra izango da, joan den larunbateko Gipuzkoakoan podiumera iritsi baitzen. Kadete Mailan Laura Zunzunegi pasaitarrak den-dena emango du aurre-aurrean egoteko, eta Senior Mailan Amaia Benavente aipatu du kirol elkarteak faboritoen arteko borrokan aritzeko.