Arrakala, zenbakietatik harago
Martxoaren 8ko greba feministaren atarian sindikatuek salatu dute soldata arrakala ez dela kopuru soil bat, arazo politikoa baizik, zaintza lanak emakumeen bizkar utzi izanak betikotuta.
Aurtengo Martxoaren 8ko greba feministak zaintzaren berrantolaketa soziala izango du aldarri nagusienetakoa. Paktu sozial berri baten eskaera plazaratuko du grebaren bitartez Euskal Herriko Mugimendu Feministak, «zaintza lanak zapalduen bizkar» gera ez daitezen. Erakundeei eta gizonei urratsa egiteko eskatu diete.
Grebaren atarian, bestalde, soldata arrakalak zaintza lanen banaketarekin duen lotura nabarmendu dute sindikatuek. Soldata arrakala kopuru bat baino gehiago dela ohartarazi dute, eta arazoa politikoa dela gaineratu, hain zuzen ere, zaintzaren zama emakumeen bizkar utzita sistemak betikotua.
Arrakala soldatetan ematen da, lan berbera egiteagatik edo balio bereko lanagatik emakumeek gutxiago kobratzen dutenean, baina arrakala ematen da baita ere langileak sexuaren arabera banatzen direnean, emakumeentzako enpresako zenbait arduretara iristea ezinezko bilakatzen denean, edota lan sektoreak feminizatu egiten direnean.
Egiturazko arazo bat da arrakala eta hura bistaratzeko ahalegina bistakoa da Martxoak 8aren testuinguruan han eta hemen antolatutako ekitaldietan.
Fokua jarri nahian
Lehengo ostiralean, hilaren 22an, Soldata Arrakalaren Kontrako Eguna zela baliatuta, LAB sindikatuak mobilizazioak egin zituen han eta hemen. Oiartzunen, esaterako, batzar bat egin zuen udaleko langileekin, hain zuzen ere, udalean soldata arrakalaren gaia aztertu eta egoera hobetze aldera neurri zuzentzaileak proposatzeko.
Pasaiako egitarauan ere egin diote toki gaiari, Trintxerpen datorren asteko asteazkenean antolatutako mahai-inguruaren bitartez (19:00etan, alkateordetzan). Trintxerpeko solasaldian hizlari, besteren artean, Patricia Rodiño ariko da, lan arloko prebentzioko teknikaria. Haren ustez «arrakalaren gaia agerian jartzea premiazkoa da», oraindik ere jende askoren begietara existitzen ez den arazoa delako: «Arrakala existitzen dela ere ezbaian jartzen duen jendea bada, nahiz eta datuen bidez frogatu daitekeen. Baina ez gara soilik diru kantitateetaz hitz egiten ari. Behin-behinekotasunaz hitz egiten ari gara, emakumeek lan munduan dituzten baldintzez, ardura edo goiko postuetara iristea eragozten digun kristalezko sabaiaz… Soldata arrakalaz ari garenean horretaz ari gara».
Honek guztiak zaintza lanekin duen loturaz hitz egingo dute Trintxerpen baita ere, gehienetan emakumeen bizkar geratzen diren zaintza lanek eragin zuzena dutelako arrakalan.
Horregatik guztiagatik Rodiñok argi du: «Martxoaren 8an greba egitea oso garrantzitsua da. Kontzientzia hartu behar dugu, eta zaintza lanak inposatuak direla agerian utzi. Feminizatutako sektoreetan soldatak baxuagoak izatea salatu, eta egoera bidegabe honi buelta eman arte borrokatu».
%33,7
emakumeen batezbesteko soldatak handitu beharko lukeena arrakala desager dadin.
Batez beste, urtean, gizonek emakumeek baino %33,7 gehiago kobratzen dute Hego Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera.
Urteko batezbestekoak. Emakumeek, urtero, 22.875 euro irabazten dituzte, batez beste gizonek baino 7.699 euro gutxiago. Gizonek, 30.574 euro irabazten dituzte batez beste urtero.