Patriarkatua hil da
Patriarkatua hil da. Gainbeheran zegoen azken urte luzeetan, eta ez da bat batekoa izan, borroka luzeen ondorio baizik. Gaur egingo du haren aldeko hileta Oreretako Mugimendu Feministak, 19:00etan Herriko plazan. Horrenbestez, emakume guztiak bereziki, baina herritar oro deitu du azken agurra ematera patriarkatuari, argi utzita bertan bilduko direnak alargun alaiak izango direla.
Inauterien barruan egingo du mugimendu feministak patriarkatuaren hileta, sardinaren ehorzketa egingo duten egun berean, eta Martxoak 8ko Greba Feministarako hiru egun baino falta ez direnean. Ostiralerako ekintza sorta antolatu du Oreretako Mugimendu Feministak. Greba feministaren helburua mundua gelditzea da, emakumeak gabe ez duela sistemak funtzionatzen erakustea, eta hori ikustaraztera doaz. Horretarako, emakume guztiak Martxoaren 8an goizetik gauera arte kalean izatea nahi du, eta horri lotuta atondu du egitarau bateratua batzarrean. Hamaika modu daudela greabrekin bat egiteko gogorarazi du Oreretako Mugimendu Feministak: amantalak balkoian jartzea da bat, manifestazioan parte hartzea bestea, egun guztia kalean ematea, lanera ez joatea, etxeko zaintza lanak gizonek egin ditzaten bultzatzea… Bakoitzak bere errealitatetik bere plantoa egitea nahi du.
Auto karabanarekin hasiko dute Heteropatriarkatu kapitalistari planto! leloarekin greba feminista 09:30ean Pontikako aparkalekutik abiatuta; 10:00etan, karpa feministaren irekiera egingo dute Zumardian; 12:00etan manifestazioa Herriko plazatik abiatuta; 14:00etan bazkari autogestionatua karpa feministan; 15:30ean Tribial Feminista karpa feministan; 17:00etan informazio banaketa erdialdeko kaleetan; arratsaldean zehar, berriz, kartel eta pankarta tailerra antolatu dute egindako horiek manifestazioan erabiltzeko; 19:00etan manifestazioa Herriko plazatik abiatuta, Oarsoaldeko manifestazioa izango da azken hori; afari autogestionatua, eta sorpresak.