EAJko udal taldeko emakumeek planto egingo dute Martxoaren 8an
EAJko udal taldeko emakumeek planto egingo dute eta Errenteriako emakumeak grebara atxikitzera eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.
Martxoaren 8rako mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin dute Errenteriako EAJko emakumeek, udal taldeko emakumeek berriz, planto egingo dute eta Errenteriako emakumeak grebara atxikitzera eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte: “Bakoitzaren egoera eta erabakiak errespetatuz eta arrazoi ezberdinak medio grebarik ez egitea erabakitzen dutenek, ahal duten neurrian, mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu”.
Emakumeen borroka gizarte guztiaren borroka dela esan dute komunikabideetara helarazitako prentsa oharrean, “kolektibo baten eskubideak aldarrikatzea gizarte guztiaren eskubideak aldarrikatzea delako. Zenbaitek eztabaidagai bihurtu nahi dituzten eskubide horiek ez dira eztabaidagarriak, emakumeok gure eskubideen defentsan egindako aurrerapausoetan ez dugu atzera pauso erdi ere eman behar, eta gizarte parekide baten alde lanean jarraituko dugu”.