Emakume Master Cup-aren finalerdiak jokatuko dituzte Agustina Otaolan
Historikoak izango dira igandeko pilota partidak, inoiz ez dutelako emakumeek final erdirik jokatu Errenteriako pilotalekuan, zuriz jantzita eta txapelketa ofizial batean.
Goi mailako partida hartuko du Agustina Otaola Raketista Profesionala pilotalekuak igandean. Emakume Master Cup 2019ko eskuz binakako final aurrekoak jokatuko dira bertan, eta historikoa izango da, inoiz ez dutelako emakumeek finalerdirik jokatu Errenteriako pilotalekuan, zuriz jantzita eta txapelketa ofizial batean.
Garazi Lopez de Etxezarreta Berdintasun zinegotziak, Jon Txasko Kirol zinegotziak eta Iker Amarika Emakume Master Cup txapelketaren zuzendari teknikoak eman dute txapelketaren berri, partidak jokatuko diren frontoian bertan.
Frontoira deitu du jendea Lopez de Etxezarretak, “orokorrean ez delako beti erraza jendea frontoira ekartzea, eta emakumeak ikustera etortzea oraindik eta zailagoa delako”. Berdintasun kontseiluaren papera nabarmendu du Berdintasun zinegotziak. haren bultzadari esker, besteak beste, emakumeen kirola sustatzeko iniziatiba ezberdinak egin direla Errenteria-Oreretan esan du, baita raketisten historia berreskuratzeko ere, “bide horretan gure herrikoa da raketista profesional baten izena duen Euskal Herriko lehen frontoia. Gure memorian ahaztuta dago emakumeak nola ibili ziren modu profesionalean frontoietan oso modu garrantzitsuan, eta bada garaia bide hori segi, agian beste modalitateetan eta emakume profesionalak frontoian ikusteko”.
Igandeko partidak arrakasta izatea espero duela erantsi du, “baita Zumarragan hurrengo asteburuan jokatuko den finalak ere, honek bidea zabaldu dezan emakumeek profesional mailan frontoietan aritu daitezen modalitate guztietan”.
Aurrekariak badirela nabarmendu du Amarikak, “ez dugu urrutira joan behar, 1981ean jokatu zelako raketisten azken partida. Gu ere horretan gabiltza, ea berreskuratzen dugun esku pilota, emakumeak pilotalekuetan izatea eta pilotalekuetan jokatzea, berdin du zein modalitatean, gure kasuan esku pilota sustatzen ari gara”. Horren harira, Euskal Herriko pilota elkarte guztiei, baita Errenteriakoari ere, neskekin ere lana egitera deitu ditu harrobia sortzeko, “hori baita gauza garrantzitsuena proiektu honetan, ez bakarrik txapelketa antolatzea eta erreferenteak sortzea, harrobia lantzea baizik klub ezberdinetan”.
Pozgarria dela kirol ekintza hori Errenteria-Oreretan antolatzea esan du Txaskok, eta gogora ekarri du ez dela emakumeen kirolarekin lotuta antolatzen den kirol ekintza bakarra. Horren adibide, futbola, Emakumeen Bira edota arrauna aipatu ditu. Horiek guztiak, Kirol Plan Integralaren barruan kokatu ditu Kirol zinegotziak, “apustua egin genuen gure herrira kirol emanaldi garrantzitsuak ekartzeko kirola sustatzeko, bereziki emakumeen kirolarekin lotutakoak”.
Bi partida profesional, 12:00etan hasita
Partidaren gaineko zehaztasunak eman ditu ondoren Txaskok. 12:00etan hasiko dira finalerdiak eta bi partida profesional jokatuko dituzte Agustina Otaola frontoian. Lehenengo partidan, Leire Garaik (Gasteiz) eta Leire Etxanizek (Etxebarria) osatutako bikotea, Maite Ruiz de Larramendik-Olatz Ruiz de Larramendi Eulateko (Nafarroa) bikotearen kontra arituko da (izeba ilobak dira) . Bigarren partidan, berriz, Patri Espinar Donostian bizi den bizkaitarra eta Mirian Arrillaga donostiarra, Iera Agirre leitzarraren eta Olatz Arrizabalaga gernikarraren kontra arituko dira.
Doakoak izango dira partidak eta pilotalekuaren eserlekuak bete arte izango da aukera final erdiak ikusteko. 600 eserleku ditu Agustina Otaola frontoiak. Lopez de Etxezarretak bezala, herritar guztiak animatu ditu pilota partidara Txaskok, “ea lortzen dugun frontoia betetzea emakumeak eta pilota babesteko”.
Txapelketako zortzi pilotaririk onenak izango dira kantxan igandean eta bertan erabakiko da martxoaren 17an Zumarragako frontoian jokatuko den finala. Leire Etxaniz iazko eskuz binakako txapelduna da, eta aurten lan bikaina eginda final erdietara sailkatu da bizkaitarra. Maite Ruiz de Larramendi pilotan oso ezaguna da munduko txapelduna izan delako palan ezker paretan, baita trinketean ere. Patri Espinar, 2018ko eskuz banakako Lau t’erdiko txapelduna da.
Bi pilota partidak ETBk emango ditu zuzenean Oreka saioan.