Oztopoak gainditzeari saria
Ane Asensio Telletxea kirolari gazteak jasoko du laugarren Kirol Saria, datorren ostiralean. Hamazazpi urte dituen arren, daraman ibilbidea sarituko dute.
«Super pozik». Horrela dago Ane Asensio Telletxea atleta oiartzuarra aurtengo Kirol Saria jasoko duela jakin zuenetik. 200 bat oiartzuarrek egin zituzten proposamenak, eta 27 hautagaietatik, Kirol Aholku Kontseiluak Asensio hautatu zuen saria jasotzeko, «egiten ari den ibilbide bikainagatik eta ezberdintasunak kirolari gaztea geldiarazi ez duelako». Ekitaldia datorren ostiralean —hilak 15— izango da, udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan hasita.
Ez da erraza kirolari oiartzuarrarekin zita jartzea. Kirol entrenamenduekin zein aisialdiko jarduerekin betetzen ditu astegunak. Astearte arratsaldetan Errenteria-Oreretara joaten da, Mindararen egoitzara, teknologia berriekin lotutako ikastaroak egitera. Pozez hartu du herriaren maitasuna, eta ilusio handia sorrarazi dio. Jende askok zoriondu du: gertukoek, kirola harekin egiten dutenek…
Aurtengo helburuetako bat slalom txapelketara sailkatzea izango da
Asensiok lorpenik handienak slalom egokituan egin ditu: Espainiako txapelduna da kronometratutako proban, kanporaketan eta taldekako slalomean —azken hori, estreinakoz—. Espainiako bi errekor hobetu zituen iaz, kronometratutako proban eta kanporaketakoan. Ez da meritu makala. Baina slaloma ez da egiten duen kirol bakarra: handbikearekin jarraitzen du, eta aurten hasi da boccia praktikatzen. Atletismoan ere hasi da bidea urratzen.
Kirol agenda betea…
Kirol jarduera horien praktika antolatuta du Asensiok. Astelehenetan, Lasarte-Oriara joaten da, Ostadar taldearekin entrenatzera, slalom eta boccian. «Aurten hasi naiz boccian, eta petanka bezalakoa da», esan du oiartzuarrak. Aita —Juan Luis— du ondoan, eta zehaztapen bat egin du: «Aneren kategoria oraindik ez da olinpikoa, Ane afektazio txikiena dutenen kategorian baitago. Oraindik ez da nazioartekoa, baina ari dira hitz egiten, olinpikoa izatea lortzeko». Hasi berria izanagatik, Espainiako Txapelketan aritzeko hautatu dute, eta hilaren 30ean Elxera (Alacant, Herrialde Katalanak) joango dira lehiatzera. Aitak esan duenez, maila handia dago boccian, eta zaila izango du dominaren bat lortzea, baina helburua probatzea izango da.
Astearteak, berriz, Olibet auzoko dorretzar baten azpian dagoen lokalean pasatzen ditu, aisialdirako prestatzen dituzten jarduerekin. Hori da Mindararen helburuetako bat, kirola eskaintzeaz gain.
Asteazkenetan, berriz, saskibaloiaren txanda da, hura ere Lasarte-Orian. Saskibaloi eskola moduko bat dute, eta ez dute lehiaketarik. Hori bai, bizpahiru topaketa egiten dituzte urtean zehar. Juan Luis Asensio: «Gabonetan egoten da txapelketa bat, baina gehiago da eskola bat, eta eskolakoak entrenatzen dira. Urtean zehar, beste bizpahiru irteera egiten dituzte beste eskolekin batera. Iaz Bartzelonara joan ziren. Gasteizen ere egiten da, eta han elkartzen dira Bilboko Bidaideak taldearekin eta Gasteizko Zuzenak taldearekin. Erakustaldiak egiten dituzte».
Ostegunetan, berriz, handbikearen txanda izaten da. Hori Mindararekin egiten du. Atzo goizean izan zuen lehia: Lilatoian aterako zen, iaz bezala. «Oso ongi» pasatu zuela ziurtatu du Anek, eta horregatik aurten ere errepikatu du. Iaz korrika joan zen laguntzailea izan zuen, baina aurten erritmoa bizitu duenez, bizikletan joan zen bere laguntzailea, ibilbideak dituen bost kilometro eskasetan.
«Eta ostiraletan, zer?» galderarentzako erantzun argia du 2019ko Oiartzungo Kirol Sariaren irabazleak: «Jai! Nahikoa daukat…». Aitak erantzun dio bezperan ez zuela gauza bera esan… atletismoa probatzen hasi delako. Astelehenean Ostadarreko atletismo taldearekin joan zen Anoetara, entrenatzera, eta ezin izan zituen boccia eta slaloma landu. «Atletismoan aritzeko beste zerbait utzi beharko duzu…», ohartarazi dio aitak. Hori bai, atletismoarekin lotutako zita bat daukate hilaren 16an, Madrilgo Collado Villalban. Gazteen Mailako Atletismo Txapelketa egingo dute bertan, eta Ane Asensio 100, 400 eta errelebo lasterketan ariko da. «Errelebokoa polita izango da; desgaitasun ezberdinak dituzte lau atletek, eta gutxienez emakume batek egon behar du taldeko: intelektualak, itsuak, garun-paralisia dutenak eta gorputz-adarren bat falta dutenak dira parte hartzaileak».
Asteleheneko entrenamenduan nahiko txukun aritu zirela ziurtatu du aitak, baina Aneren taldean gurpildun aulkian joango diren bi atleta daude, eta ez dela gauza bera kide bakarra duen taldea izatea. «Baina beno», jarraitu du aitak, «kontua izango da joatea eta ongi pasatzea». Buruarekin baietsi du alabak.
Aurtengo kirol helburuen zerrenda egin dute. Udaberria izaten da mugimendu gehien duten bolada, txapelketak orduan izaten baitira. Ane Asensio indartsuen aritzen den diziplinaren —slalomaren— proba nagusia maiatzean egingo dute. Espainiako Txapelketara sailkatzeko gutxieneko marka egitea da helburua, aurreko urtetan bezala.
Maiatzeko proba horren ondoren barealdia etorriko da, eta epe luzexeago batera begira, helburua izango da Donostian egiten den hamar kilometroko probarako prestatzea. Gaur egun egiten ditu distantzia horiek, baina lehiatu gabe. Prestaketa hori findu nahi dute, eta gero etorriko dira, etortzekotan, Behobia-Donostia bezalako lasterketa luzeagoak. Handbikea Mindararen KIMA proiektuaren laguntzarekin egiten du. KIMA da Mindarakoen beharrizanetara moldatzen den Eskola Kirola moduko baten ondoren egiten den programa, kirola egiten jarrai dezaten. Horregatik hasi zen slalomean Haurtzaro Atletismo Taldean. Juan Luis Asensiok nabarmendu du Mindara bezalako erakundeak beharrezkoak direla: «Poliki bada ere, ari dira gauzak pixkanaka aldatzen. Gurea bezalako elkarte batek badu oraindik bere eginbeharra».
…eta beste agenda ere bai
Anek lehenengo ikasturtea du Gamon ikastetxean. Haurtzaro Ikastolako etapa bukatuta, Errenteria-Oreretan Zereginen Ikaskuntza Gelan ari da, gaitasun profesionalak garatzen. 16 eta 20 urte artean egongo da bertan, eta laugarren ikasturtean praktikak egiteko aukera izango du. «Ongi nago, baina nahiago dut Haurtzaro Ikastola», ziurtatu du Anek. Gurasoentzako, ordea, erosoagoa da—urrutiago egon arren— Gamonera joatea, garraio zerbitzua etxeko atariraino iristen baita. «Gainera, autonomiarentzako ongi etorriko zaio», ziurtatu du aitak.
Agenda hain betean, Anek txoko bat aurkitu beharko du. Oraindik ezer prestatu ez duen arren, hizketaldi txiki bat emango duela esan du, maitasuna adierazi dion herriari eskerrak emateko.
Kirol Astea. Gaurko Egitaraua
- 10:00etatik 12:00etara. Tipi Tapa ibilaldi topaketa, bidegorriko komunetan.
- 17:00etan. Streetdance saioa, Kontzejupean.
- 18:00etan. Mendi buelta korrika, LH3 eta DBH2 mailetako haurrentzat.
[Egitaraua osoa ikusteko, sartu hemen].