'Laura esaten zioten' liburua aztertuko dute gaur Irakurketa Taldekoek
Miren Odriozolaren El Salvadorreko gerrillan egindako borrokak kontatzen dituen liburua izango dute hizpide. Apirilean, 'Bihotz handiegia'.
Odriozola eta Ibarguren, protagonista eta idazlea. Irakurketa Taldea gaur arratsaldean elkartuko da, Laura esaten zioten (Txalaparta, 2016) liburua aztertzeko. Miren Odriozolak 1980ko hamarkadan El Salvadorreko gerrillan egindako borroken testigantza jaso zuen Leire Ibargurenek. Euskal herritar asko bezala, internazionalismoak akuilatuta joan zen Latinoamerikara, eta han Laura izan zen bere nom de guerre. Hasieran osasun langile bezala joan zen hara, baina pixkanaka ardura handiagoak hartzen joan zen 1943an Azpeitian jaiotako emakumea. Liburua aztertzeko bilera Manuel Lekuona bibliotekan egingo dute, 20:00etan hasita.
Datorren hilabeterako, berriz, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia (Susa, 2017) ipuin-liburua irakurri beharko dute Irakurketa Taldekoek. Sei ipuinek osatzen dute liburua, eta denak emakumeen ikuspuntutik idatzita daude, profil edo momentu ezberdinetan. Oreretarrak Euskadi Saria irabazi zuen iaz liburu horrekin.
