'Rareza/Rarity', Sergio Zurutuzaren uztan azkena
Musikagile sanpedrotarrak hilaren 29an aurkeztuko du bere zortzigarren diskoa
Hilabete bukaeran ikusiko du argia Sergio Zurutuza sanpedrotarraren azken diskoak. Rareza/Rarity izenburupean, musikagile pasaitarrak hamabi abesti bildu ditu, eta hilaren 29tik aurrera, euskarri fisikoaren bidez ez ezik -100 kopia salduak ditu jada- , hamabi piezak plataforma digital guztietan izango dira entzungai.
Zurutuzak berak iragarri duenez, lan honetan 2017. urtean geroztik konposatu dituen lan guztiak bildu ditu. Nagusiki lan instrumental bat dela azaldu du, eta denaren gainetik “dibertsitatearen aldarria” izan nahi duela goraipatu du.
“Soinu banda” doinuko lanek osatzen dute diskoa, eta tartean badira musikagileak berak idatzitako Momo antzezlanerako konposatutako hiru pieza. Azkenik, bere sorkuntza lanean poesiak duen tokia esanguratsua nabarmendu du Zurutuzak.
Kolaboratzaile, azken lan honetan, Esteban Vallin gitarrista, Jesus Valenzuela Tsode abeslaria eta Antonio Pardo Larrosa letragilea izan ditu.
Tirri Tarran trebatutako musikagilea
San Pedroko Tirri Tarra fanfarrean hasi zen Zurutuzaren ibilbide musikala. Fanfarreko beste hainbat musikarirekin batera, Tirri Tarraren ibilbidea bukatuta rock sinfonikoko talde bat sortu zuen, zuzeneko eta formatu handiko kontzertu ugari eskainiz.
Bakarkako ibilbideari 2011. urtean ekin zion sanpedrotarrak eta ordutik musika ugari konposatu du, iragarki, zinema zein bestelako musikagileen kolaboratzaile gisa.
Bere azken lana, Jaio/Nacer, 2017an kaleratu zuen. Orduan elkarrizketa zuen HITZA Zurutuza azkenekoz.