Beharrezko aitortza jaso dute [Mariasun Landa Sarietako irabazleen lanak]
Eli Etxabeguren oreretarra eta Goiatz Labandibar oiartzuarra izan dira aurtengo Mariasun Landa Lehiaketaren sarituak.
Egitasmo aproposenak zabaldu zituen lehenengoz Emakumearen Etxe berriaren ateak. Hilaren 2an, larunbata, herriko emakumeei omenaldi berezia egin zieten bertan, Mariasun Landa Sarian.
Eli Etxabeguren oreretarra eta Goiatz Labandibar oiartzuarra izan dira aurtengo sarituak, baina ez bakarrak. Axun Erzibengoaren lanak aipamen berezia jaso zuen. Eta nola ez, testu sarituetan landutako emakumeak izan ziren protagonista nagusiak.
1980ko hamarkadako bahiketa, tortura eta bortxaketaren ostean herriko emakumeek emandako erantzuna eta borroka plazaratzea izan du xede oreretarrak. Oraindik hunkituta dagoela sumatzen zaio: «Saria nirea baino, emakume hauena da. 40 urte eta gero, herri honetan merezi duten saria eman zaie».
Goiatz Labandibar oiartzuarrarentzat aurtengoa ez da lehen garaipena sariketa honetan. Halere, aurtengo edizioa berezia izan dela aitortu du. «Sari banaketa asko humanizatu da, testuetako protagonistak han bertan zeuden, saria ere jaso zuten». Juani Astiasuinzarraren lanarekin, haren bizitza ezagutarazteaz gain, baserri eta merkatuetan emakumeek izan duten funtsezko paperari gorazarre egin dio.
Nabarmendu dute emakume guzti horiei esker direla gaur diren hori. «Guri bidea ireki digute», adierazi du Etxabegurenek.
Honakoak dira bi kontakizun irabazleak eta aipamen berezia egin dioten Axun Ertzibengoaren lana:
Errenteria herria, memoriaren alzheimer
Emakumezkoen Begirada saileko lan onena izan da Eli Etxabeguren oreretarrarena. 1980ko hamarkadako bahiketen harira herriko emakumeek emandako erantzuna landu du.
Historia handiko herri batek ariketa sakon eta anitza egin behar du. Errenteria historia handi eta luze bat duen herria dugu. Ordea, haren memoriak, alzheimerrak pertsona zaharrengan nola, hutsune zabala eragin du herriaren memorian: emakumeok izan dugun papera. Gizonen historia izan da orain artekoa Errenterian, baina hori guztia aldatu behar da. Errenteriaren memoria osatu nahi dugu lan honekin, gure identitatea; hainbestetan entzun den «Belfast txiki» horri emakume izaera ere gehitu behar diogu. Bizipen eta historia asko ezkutuan gelditu dira eta lan honek azaleratu nahi ditu eta daukaten balioa eman. Historia berridatzi behar da emakumeon ikuspuntua eta parte hartzea kontuan harturik. Gordetako historia handi horren ale txiki bat aurkeztuko dugu.
Trantsizio garaira egingo dugu atzera, Errenteriako herrira, ekaitz luze eta trumoitsu baten ostean, kolorez, esperantzaz eta ilusioz beterikoa. Ekaitzak, ordea, ez zuen tregua txiki bat besterik ekarri. Laster itzuli ziren jipoiak, atxiloketak eta erailketak. Labur iraun zuten ilusioa eta esperantza bezalako emozioek; laster bilakatu ziren mila forma eta koloretan antolaturiko mugimendu sozial eta politikoen borrokan.
Ekaitzak parez pare egin zuen topo herri oso baten erresistentzia batu zuen lubakiarekin: Asamblea de Errenteria. Trumoi eta tximista ankerren artean, 1979ko azarotik 1980eko maiatzera ekaitzak forma berezia hartu zuen Errenteriako emakumeentzat. Ekaitzak emakumeen gorputzak guda arma gisan erabili eta konkistatu zituen, haren aurpegi zital eta gordinena erakutsiz. Zazpi hilabeteko zaparrada itogarri haren testuinguruan, hiru emakume gazterengan gorpuztu zen uholdea. Ekaitzak une hartan Batallon Vasco Español eta Grupos Armados Españoles izenak hartu zituen; gupidarik gabe hiru emakumeren bahiketa, tortura eta bortxaketa bere egin zituztenak. Tximista moduan iritsi ziren eraso hauek forma eta soinu berberak izan zituzten; modus operandi berean eraso zuten herria. Estatuaren estolderiak emakumeen gorputzetara jo zuen zuzenean, baina haien xede argia beste bat zen: herri oso bat desegitea. Hala, Errenteriako herrian antsietatea eta beldurra zabaldu zen.
Indar parapolizialek ez zuten imajinatzen, beldurra eta haserrearen poderioz, sortuko zen agentzia eta erresistentzia feminista. Ez zuten espero haiek sortutako psikosiak erantzun koloretsu eta indartsua izango zuenik. Ez zuten espero emakume aurpegia zuen ostadarrak zerua argitzeko hautu politiko eta pertsonala egingo zuenik. Izena eta izana hartu zuen Errenteriako Emakume Taldea (Grupo de Mujeres de Renteria) indarberritu zen horrela. Pairatzen ari ziren biolentzia gordinari aurre egiteko emakume taldea zen. Errenteriako emakume ugari elkartu zituen, norabide berean lanean; ordura arte ikusi gabeko errealitateak sortuz. Lehena greba orokor bat izan zen.
Emakumeek gudaren lehen lerroa hartu zuten, haien aldarrikapen eta borroka feministak lau haizetara zabalduz eta herri oso bati lezio handia emanez. Gerra zikina egiten ari zirenei indarrez egin zieten aurre. Gauez, zein egunez, kaleetatik ibiltzea ezinezko egin nahi zieten inkontrolatuei aurre egin. Toma de La Calle izenpean antolatu zuten hurrengoa. Emakumeak kalera atera eta kaleak eurenak egin zituzten, oinarrizkoenak ziren eskubideak aldarrikatuz. Argi zuten, psikosi egoera horrek ez zituen kokilduko, ez ziren etxean geldituko eta haienak ziren espazioak berreskuratzeko erresistentziak sortzeari ekin zioten.
Estatuaren erasoen oinarria eta xedea ulertu eta haren kontrako borroka hartu zuten bere gain emakumeek. Haien garrasien mezuak argiak ziren: «Emakumeen gorputzak ez dira lurralde baten konkistarako erabil daitezkeen guda armak». Bizi zituzten erasoen aurrean haien borrokarako eta antolakuntza politikorako hautu argia azaldu zuten. Erresistentzia teoriko eta praktiko haren aurrean, indar okupatzaileek ez zuten beste aukerarik izan Errenteriako herritik alde egitea baino.
Irabazi zuten borroka hura, eta gaur beste borroka bat irabaztera goaz: Errenteriako herriak, emakumeen paperari eta identitateari loturik duen alzheimerra borrokatzea. Haien memoria, gure memoria, berreskuratzera gatoz. Iraganean irabazitako borroka bakoitza plazara aterako dugu, eta kolore asko dituen herri memoria honi kolore morea gehitu. Haiei zor diegu orain garena, orain herri hau dena. Herria ez baita herri izango emakumeon memoriak argitara ateratzen baldin ez baditugu. Amaitu da memoriaren alzheimerra, amaitu da memoria ariketa androzentrikoa; orain, gure garaia da, herri izaera zabal, inklusibo eta feminista baten garaia da. Eskerrik asko Errenteriako Emakume Taldeari, herrian emakumeok baldin bagara, hein handi batean haiek izan zirelako da.
Errenteriako merkatua, emakumeen plaza
Emakumezkoei Begirada saileko lanik onena izan da Goiatz Labandibarrena. Juani Astiasuinzarra esneketari eta barazki saltzaile errenteriarraren historia bildu du.
Juani Astiasuinzarra zazpi urtetatik 62 urte arte Errenteriako plazan esneketaria eta barazki saltzailea izan zen.
Plazandre hitza onartu berri du Euskaltzaindiak. Jendaurrean askotan aritzen eta trebeki moldaltzen den emakumea dela dio Euskaltzaindiaren hiztegiak. Errenteriako plaza, edo merkatua, halakoz beteta egon da.
Juani Astiasuinzarra Clemente izan da horietako bat. Zazpi urterekin hasi zen amari, Encarna Clementeri, laguntzen Errenteriako plazan. Ama Encarna behi esnea saltzera jaisten zen egunero Ezkontzegi baserritik (mugaz, Oiartzun izan arren, hurbilago dute Errenteria). «Larunbat eta igandetan joaten nintzen amari laguntzera. Amak plazan bertan esnea saldu bitartean, Juani haurra pare bat litroko marmita ttikia hartuta etxez etxe ibiltzen zen esnea saltzen. Marmita hustutzen nuenean, amarengana joan eta berriz betetzen zidan marmita etxez etxe saltzen jarraitzeko». Haurra zenez, ez zekien esnea neurtzen, baina kontent joaten zen, «tarteka, etxeetan gailetak ere ematen zizkidaten!».
Hiru ahizpetan zaharrena zen Juani. «Gustura joaten nintzen amarekin plazara». Rosak, bera baino bi urte gazteagoak, nahiago izaten zuen ganadu lanetan aita lagundu.
Semerik ez eta, lan guztietan aritzen ziren ahizpak. «Amak gauza bat esaten zigun beti: ez ikasteko behiak jaizten, oso lan esklaboa baitzen. Gainerakoan, denetik egiten genuen».
Plaza animatua
Foru plazan zegoen merkatura joaten ziren ama eta Juani hasieran, astoa kargatuta. «Behean, harategiak eta baserritarren postuak izaten ziren, eta goian, arrandegiak. Larunbatetan, mertxeroak etortzen ziren arropa saltzera. Haiek kanpoan jartzen ziren», deskribatzen du.«San Juango arrainketariak salada hutsak ziren: txitxarroa!, antxoa!, sardina! oihuka, jende guztia barrez jartzen zuten! Oso animatua zen plaza!». Emakumeen eremua izan da beti merkatua edo plaza. «Oso gizaseme gutxi ibiltzen zen plazan. Bai saltzen eta bai erosten. Harakinak gizonezkoak izaten ziren, piezak pisutsuak izaten zirelako, baina barazki saltzaileak eta arrandegietan, denak emakumeak. Harakinek, hala ere, denek izaten zuten emakumeren bat postuan: emazteak, arrebak…».
«Txantxilarekin esnea neurtzen ikasi nuenean, bakarrik hasi nintzen igandetan esnea saltzen». Garaitsu horretan, igandeetan plaza ixten hasi ziren. Baina esnea partitu behar zen jai egunetan ere!
Bizi osoa plazaren bueltan
Foru plazatik, Merkatuzarrera eraman zuten Errenteriako merkatua. «Merkatuzarren oso ondo egon ginen, baina hasieran, hara aldatu ginenean, hotzagoa eta tristeagoa iruditu zitzaidan, ez zen hain animatua».Juani 22 urterekin ezkondu zen, eta haurrak izan ondoren, plazan saltzeari utzi zion. 27 urte zeuzkala, gidabaimena atera zuen, «gizonak bultzatuta. Baserria herriguneetatik urruti zegoen eta esaten zidan behar nuela gidabaimena. Gaizki pasatu nuen ateratzen, baina gero bai ederki!» Hala, seme-alabak goizero ikastolara eramaten zituenean, bidaia berean ama eramaten zuen plazara eta haurren bila joatean, ama ere jasotzen zuen. Barazkiak deskargatzen eta jasotzen laguntzen zion amari, «horrela moldatu ginen ama gaixotu arte».
Encarnari, 69 urterekin tronbosiak eman zion eta hitz egiteko gaitasunik gabe geratu zen. Orduan erreleboa hartu zion Juanik plazan. «Hasieran ez nuen ezer saltzen. Postu hartan egoten zen andreari buruz galdetzen zidaten, eta ama gaixotu egin zela kontatu nuen. Baina gero, oso bezero onak izan ditut».
«Uda partean, goizean, seiak laurden gutxietan jaikitzen nintzen barazkiak bildu, garbitu eta kaxatan sartzera. Zortziak aldera merkatura joaten nintzen. Eguerdiko ordubata aldera arte egoten nintzen. Neguan, bezperan biltzen nituen barazkiak, mantentzen ziren eta zimeldu gabe». Hori izan zuen errutina hemezortzi urtean. «Niri, amari bezala, plazara barazki freskoak eramatea gustatu izan zait. Jenero ona baldin bazenuen, erosten zizuten».
Baserritarren arteko harremana oso ona zela akordatzen da Juani. Han elkartzen ziren Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo… barazki saltzaileak. «Normalean, bezeroak ongi portatzen ziren, baina bazeuden baserritarren lana preziatzen ez zutenak eta oso pikardiosoak, beraiek jarri nahi izaten zutenak prezioa. Horiek amorrua ematen zidaten. Nik, huskeri baten truke saldu baino, nahiago nuen sobratutakoa etxera eraman eta eltzean jarri».
Barazki saltzailearen erretiroa
Plazarekin batera, San Tomas azokako postua ere hartu zuen herentzian Juanik. «Hiru bat urte egin zituen amak. Aurretik ez zen halakorik ospatzen Errenterian. Baserritarrak behar zituztela esan zioten eta animatu genuen. Eskarola, porru eta azenario politenak gordetzen genituen egun horretarako».
«Merkatuzarren jende asko ibiltzen zen plazan. Ondo egiten zen lana, izaten zen mugimendua». 62 urterekin utzi zuen plaza Juanik, Merkatuzar itxi eta Niessenera eraman zutenean Errenteriako merkatua. «Pena hartu nuen, baina alabek esaten zidaten kanpoan hotza pasatzeko beharrik ez nuela».Ohikoena ez bada ere, bi alabek segitu dituzte nolabait bere pausoak. Alabetako bat, Amaia, gaztagilea da. «San Tomas azokan hasieran laguntzera joaten nintzaion, jende asko ezagutzen nuelako. Oso gustura egin nuen». Bestea, Jone, barazkiak saltzen aritzen da, berriz, Labore Oarson.
«Plazaren aitzakian, jende asko ezagutu dut. Errenteriara jaisten naizenean denbora behar izaten dut, ezagunekin topatu eta tertulian aritu beharra dago eta!». Oso lotsatia zela dio Juanik eta plazak, jendea ezagutzen eta harremanak egiten lagundu ziola.Orain, 75 urte betetzera doan honetan, baratzea egiten segitzen du, «etxerako adina». Barazki saltzaile gisa definitzen du bere burua, «gure ama hala zen, eta ni ere bai. Gustatu egiten zait goizetan jaiki, baratzera joan eta pixka bat aritzea».
Mari Tere Pascual Zapirain, gerrak isildu ez zuen ahotsa
Mariasun Landa sariketako epaimahaiak aipamen berezia egin zion Axun Ertzibengoa errenteriarraren lanari. Bertan, gerra garaia bizi zuen Mari Tere Pascual Zapirainen testigantza jaso du Ertzibengoak.
Txikia zen, oso txikia, Mari Tere, gerra hasi zenean; bost urte besterik ez zituen. Gertatzen ari zena ulertu ezinik, soinean zuenarekin atera behar izan zuen etxetik Xixilio eta Kontxita gurasoekin. Orduantxe geratu zitzaion oroimenean iltzatuta, hain ondo gogoratzen dituen pasadizoen artetik lehenengoa: etxean zeukaten txoria, karnaba, eraman nahia eta ezina. Gogoan du sentitu zuen pena, baita itzuli zirenean ere txoria hauts bihurtua zela ere.
Ustekabean jakin dut Mari Terek bere hezur-haragitan bizi izan zuela gera. 88 urtera bidean, baratzeko artaburuak aletzen zituen bezain fin aletu du pasatako sufrikarioa. Tartean bada oroitzapen lausoren bat, nola ez! Baina gehienak argi dauzka.
“Aita Intxarkundiaga Batailoira joan zen gudari, Tomas bere lagunarekin. Ama eta biok Angelita eta Maria Doloresekin joan ginen, lehendabizi Lekeitiora, eta ondoren, Santurtzira. Laurak beti elkarrekin. Aita eta ama Tomas eta Angelitaren lagun minak ziren, eta haien alaba Maria Dolores eta ni ahizpak bezala”. Izan ere, Angelitak bularra eman zion Mari Tereri jaio berritan, amak nahikoa esnerik ez eta.
Santurtziko hiru ahizpa egin ziren ama-alaben kargu. Haientzako esker ona besterik ez du Mari Terek. “Ez gintuzten ezagutzen, guri laguntzeko egin zuten. Gerra latza izan zen, baina oso jende ona aurkitu genuen. Zaharrena lisatzailea zen, eta beste biak sare-konpontzaileak”.
Hildakoen zerrenda
Hurrengo urteak nekezak izan ziren: gosea, beldurra eta sirena-hotsa nagusi. Santurtzitik Bilbora joaten ziren egunero, oinez, hildako gudarien zerrenda entzutera. “Ikaratuta joaten ginen, ama dardarka, aitaren izena esango zuten beldur. Zerrenda osorik irakurri arte gogorra izaten zen. Bukatzean, amak eta Angelitak ‘oraindik bizi dira behintzat’ esaten zioten elkarri animoa emanez. Santurtzi eta Portugalete artean zegoen trenbideko tunela zuten eguneko beste geltokia. Han ematen zieten otordua errefuxiatuei, beti gauza bera: garbantzuak arrozarekin, ropa vieja. Sirena-hotsa maiz izaten zen, “gerrako aireplanoak zetozela abisatzeko edo” eta hura entzutean korrika joaten ziren babesera, askotan tunel horretara bertara.Ziurgabetasun amaigabe hartan, aitaren eta Tomasen bisitak oparia ziren. Aldian behin etortzen ziren, bi edo hiru egunerako, eta diru pizarra ekartzen zuten. “Orduan bai, orduan batzokira joaten ginen denak elkarrekin afari modukoa egitera”.
Gau batez abisua eman zieten errefuxiatuei Santurtziko portuan zegoen petrolio-ontzi batera igotzeko. Berriz ere korrika eta presaka atera ziren etxetik.
Umeak Itota
“Ez dut inoiz ahaztuko petrolio-ontzira sartzeko arrapalan gertatua. Ume batzuk bakarrik zihoazen; gu ez, gu eskutik helduta. Elkarri bultzaka gindoazen: bateko, asko ginen; besteko, denak presaka gindoazen. Bonbardaketa zetorrela esan ziguten eta denek sartu nahi genuen itsasontzian. Arrapala hartan ezker-eskuin, ume txiki asko erori ziren uretara, eta hantxe ito ziren. Ni gogoratzen naiz, plasta! Soinua. Eta haiek gero ezin atera”Irudi ikaragarri hori nahikoa ez, eta gerra-ontziek inguratu zuten petrolio-ontzia. Kapitaina errenditzea nahi zuten. “Gure kontra bonbak botatzen zituzten, eta sua ikusten genuen itsasoan. Izua! Azkenean bandera jaitsi zuen. Eta ez dakit nola, baina Pasaiako portura etorri zen petrolio-ontzia”. Pasaian espero ez zutela, Mari Tereren osaba Juanito, amaren anaietako bat agertu zen, eta bi ama-alabak itsasontzitik atera zituen.
Soldaduentzat trajeak
Angelita eta Maria Dolores Berara joan ziren; han familia zuten. Mari Tere eta ama, berriz, amonaren etxera. Amona, osabak, izebak, lehengusuak… asko ziren etxean, eta sosik ez. Ama eta izebak, intendentziarako, Espainiako soldaduentzat, trajeak josten aritu ziren bizirauteko diru apurra ateratzeko. Bitartean, aita gudariekin frontean. A zer paradoxa!Amonaren etxean bizitako garaiaz beste oroitzapen asko ditu Mari Terek: bazkaltzeko babarrunak izaten ziren, “salda asko eta lau babarrun”; neguko igande gauez, berriz, gaztainak afaltzeko; Mari Terek zurituta eramaten zituen buruki azpira, geroago ohean jateko. Amona jostuna izaki, harengana josten ikastera joaten ziren neskekin Karmentxu lehengusinak eta berak oso ogi pasatzen zuten.
Gerra bukatu eta aita itzuli zenean, Gaztañora joan ziren bizitzera. Diktadura-urte gogorrak etorri ziren, gizarte arau zorrotzak eta murrizketak. Gurasoek lana franko egiten zuten Fabrika Handian, eta Mari Tere arduratzen zen etxeaz, animaliez eta baratzeaz. Eskola ordu batzuk ere egiten zituen.
16 urterekin hasi zen etxetik kanpo lanean, baina ezkondu zenean lana utzi behar izan zuen: “Francoren legea”, esan digu. Joxe Coca zuen senarra. Begirada argitu zaio hari buruz hizketan hasi orduko. “Oso gizon onarekin ezkondu nintzen, langilea, mekanikari aparta, eta artista, bera bezalakoa”. Senarrak aisian egurra landuz egindako eskulanak erakutsi dizkigu harro. Bost seme-alaba izan zituzten, eta gaur egun, bederatzi biloba eta lau birloba ditu Mari Terek. Kuadrilla ederra!
Euskararekiko arduratzeErrenteria bezalakorik ez da beretzat. Arlo ezberdinetan lagundu du herrian, beharra zuten familientzat etxez etxe dirua biltzen esaterako. Euskara oso maite du, eta ibili den
esparruetan harekiko ardura berezia erakutsi du, beti aldeko urratsak eginez: katekesia euskaraz emanez, elizan euskaraz irakurriz, edo euskaraz irakatsiz.
Afizio gisa kantua aipatu digu: gaztetan parrokian ibili zen, etxean beti kantat izan du, eta orain gutxira arte kalean, Kantujiran, ere bai. Irribarre bihurriarekin dio: “Gaztañon oiloa kakaraka sumatu orduko joaten nintzen: arrautza jarri berria kraskatu eta barrura!”.
Arratsalde pasa ederra egin dugu. Bizitako infernua eta urte latzak gogorarazi dizkiogu atzera, eta une batzuetan bihotza uzkurtu zaigu, baina beste batzuetan abrre egin dugu gogotik. Izan ere, ez gerrak, ez goseak, ez debekuek ez dute lortu Mari Tereren alaitasuna itzaltzea, are gutxiago haren ahotsa isiltzea.