Maider Zabalegi: «Ez gaude ohituta sentimenduak garden azaltzera»
Maider Zabalegik ‘Bidean’ diskoa aurkeztu du. Hainbat musika estilo bildu ditu bakarkako ibilbideko bigarren diskoan. Hilaren 23an Oiartzunen aurkezpen kontzertua egingo du.
Lehenengo diskoan, zure izen artistikoa Maider zen. Orain, Maider Zabalegi. Lehen diskoan Alaitz eta Maiderreko Maider zinen, eta orain Maider Zabalegi? Zergatik izan da?
Askok galdetzen didate zergatia, eta modu sintzeroan esatea nahi baduzue, ez dauka inongo arrazoirik. Lehen diskoan aritu ginen planteatzen Maider edo Maider Zabalegi jarri, eta diskoaren gainazalean lekua irabazte aldera, Maider soilik jarri genuen.
Honetan berriro galdetu zidaten: azkenean esan nuen Maider Zabalegi. Abizena gustatzen zait, baina ez dauka misteriorik.
Baga Bigarekin argitaratu duzun diskoari Bidean jarri diozu. Bakarkako bide horretan jarraitzen duzula adierazteko?
Beti bezala, pentsatzen hasi ginen zein izenburu jarri. Urbilek [Artolak] komentatu zuen Bidean izena. Eta egia da nik hasieratik esan nuela baietz. Bizitza hau bide bat bezala ikusten dut, bide zirrikitu edo bidezidor asko dituena. Nik, segun zein egoeratan nagoen, goiti-beheiti horretan, metafora gisa, polita iruditu zitzaidan. Urbil da taldeko izenak jartzen dituena. Oso ona da.
Road movie-ak badaude, filmetan. Hau road-album bat da?
Bide horretan guztian kantuak sortzen ditugu. Prozesu bat da: jaiotzen garen momentutik bidaia bat, bide bat, prozesu bat. Kantuen sorrera eta inspirazioa hortik dator. Sentimenduak nola dauzkagun, hortik sortzen dira.
Aurkezpenean, aipatu zenuten azken bi urtean sortutakoak direla. Denak hala al dira?
Gehienak berriak dira. Single bezala funtzionatzen ari dena [Zirrara] lehenengo diskoan sartzekotan egon ginen, baina orain sartu dugu.
Musika sortzerakoan, zuk bakarrik egin duzu? Artolak zure alde folkie-a atera omen du, eta Gorka Urrak rockeroagoa.
Kantuak sortzearena bakarka egiten dudan lan bat da. Sortu eta berehala Urbil eta Gorkari aurkezten diet. Hor hasten da hiruen arteko elkarlana. Gisatu bat egitea bezalakoa da. Haragia erosten dut, Urbilek beste osagai bat botatzen dio, eta Gorkak beste bat. Eta, ttak, ateratzen da. Urbilek badu ukitu folkie bat, eta nik ere badut kutsu hori. Niri ateratzen zaizkit kantu lasaiagoak, eta geldoagoak. Gorkak badu alde makarragoa, nik badaramadana ere, eta berak bi alde horiek uztartzen jakin du.
«Batzuetan, kantuak hasieratik izugarrizko forma hartzen dute»
Abesti bat sortzerakoan, lehendabizi oinarri bat sortzen da, eta gero eransten zaio pintura…
Gitarrarekin edo pianoarekin sortzen ditut kantuak. Momentuan grabatzen dut, eta hori bidaltzen diet, gaur egungo modernitateekin… Hurrengo entseguan jotzen hasten gara, eta sortzen da. Batzuetan kantuek hasieratik izugarrizko forma hartzen dute. Eta bestetan, lanketa handiagoa behar izaten dute.
Behin oinarri hori hartuta, norabidea eman diezaiokezue, ezta? «Egin dezagun hau ukitu folkie-ekin» esan, eta abar.
Orain arte nahiko era intuitiboan atera den zerbait izan da hori. Egon dira kantu batzuk egon garenak a tope: orain estribilloa aldatu diogu, orain bestea… Gorkak egin ditu moldaketa lan gehienak, eta produkzio lanak ere bai.
Baga Bigako diskoetxeko Ritxi Aizpuruk esan zuen ‘betiko Maider’ zinela, ‘goxoa, irekia eta bizitzaren gauzak kontatzen dituena’. ‘Betiko’ Maider al zara? 1990eko hamarkadakoa eta egungoa berbera al dira?
Uste dut pertsonak, oro har, aldatzen garela. Hori sinesten dut eta hori sinetsi nahi dut. Hala uste dut, aldatu naizela. Noski, mantentzen ditugu esentzia edo gauza batzuk, baina zorionez bizitzak beste irakasgai pila bat erakusten dizkigu. Batzuek irakatsi egiten digute, beste egoera edo pertsona batzuek ispilu egiten digute, eta prozesu horretan noa: ikasten, ikasten eta ikasten.
Badaukat esentzia hori, ni lehen nintzen horretatik, baina gehituta bidezidor horietan guztietan jaso ditudan ikaskuntzak.
Aurreko diskoan joan zitzaizun aitonari abestu zenion. Orain minbiziari. Lotuta al daude?
Egia da minbizia inguruan bizi izan dudala, baita beste egoera batzuetan ere. Gai bat da denok pil-pilean bizitzen ari garena. Egoera batean edo bestean tokatu zait, eta minbiziari abestu diot. Oso barruan ukitu nau.
Nola izan da horrelako gai sentsible bat azaleratzea?
Bizitza honetan ez gaude ohituta sentimenduak garden azaltzera. Oso txikiak garenetik, negar egiten dugunean, esaten zaigu ‘Ez egin negar’. Asko ixten garela uste dut, eta iristen da adin bat ez dakigula nola gauden eta zer sentitzen dugun ere. Oso aske sentitzen ditut gai horiek: bai minbizia, bai aitonaren heriotza… Atzera egingo bagenu, ikusiko genuke denok bizitu dugula heriotzaren bat azken bi urteetan, denok pasatu dugula dolu egoeraren bat. Musikaren bidez ateratzen ditut sentimendu horiek.
Behin tokatuta, badirudi bolada etortzen zaizula…
Bai, askotan izugarria da. Hasten zara eta zure buruari esaten iman bat badaukazula. Errealitatea da denok bizitzen ditugula horrelakoak. Batzuek pinturaren bitartez adierazten dute, beste batzuek musikaren bitartez, beste batzuek idazten…
Denok bizi ez dugun gai bat badago: motxiladun umeena. Zu zeu hala izan zinen.
Aita errefuxiatuta eduki nuen. Izeba, berriz, espetxean… Urtetan egin ditut milaka kilometro bai espetxeetara, edo bai Bordelera, astebururo.
Egoera horiek gure azalean bizi izan ditugunean, gehiago enpatizatzen dugu. Esango nuke gaitasun handiagoa daukagula alde bateko jendea zein bestekoa ulertzeko, eta enpatizatzeko zer sentituko zuten. Nik GALen garaia bizitu eta sentitu dut, eta badakit zer den beldur hori izatea. Horregatik, uste dut, badakidala beste aldekoek zer sentituko zuten, eta asko enpatizatzen dudala gatazka honek eraman gaituen tokira. Zoritxarrez, jende askok jarraitzen du astebururo milaka kilometro egiten eta injustizia pairatzen.
«Nik GALen garaia bizitu eta sentitu dut, eta badakit zer den beldur hori izatea»
Akotz abestia errefuxiatu egotearekin lotu nuen, Donibane Lohizuneko auzo bat delako…
Zuk hori irudikatu duzun bezala, esaten baldin badut abesti bat zeri buruzkoa den, hegalak mozten ditudala iruditzen zait. Asko gustatzen zait nik sortu dudan musika edo kantu bat publikoarengana iristen denean, bakoitzak irudika dezala zer esaten dion eta nabigatu dezala bere burmuinean. Beti daukat abiapuntu bat, noski, eta posible izango nuke abesti guztiak goitik behera esplikatu, baina polita da hori bakoitzaren esku uztea.
Gauza errealak izan arren, ate irekiak uzten dizkiozu interpretazioari.
Polita da irudimenari lantzen uztea. Gaur egun ohituta gaude dena eginda ematera, eta uste dut letra asko oso zuzenak direla, eta ez dutela bi buelta behar. Baina beno, duten horiei buelta txiki bat ematea…
Disko bat haur bat izatearekin parekatu duzu.
[Irribarre egin du] Beno… Askeagoa da, haur bat askoz lotuagoa da. Egia da prozesua oso potentea dela, barru-barruan sortzen duzu zerbait, eta azkenean iristen da bat-batean kaleratzea. Zentzu horretan badu antza; parekotasuna horretan utziko nuke, bestela oso ezberdina baita. Hau artxiba dezaket, baina haurra egunero daukat…
Min gutxiago sortuko du, baina taldekideek esan dute askotan haserretuta ateratzen zinela.
Malaletxea badaukat, hori dudarik gabe. Batzuetan esaten da ‘Jo, ze jenioa daukan!’, eta nire ustez, denok daukagu. Gauza da, zoritxarrez, urteekin gauza asko disimulatzen ikasten dugula, eta horrela egiten [irribarre faltsuaren keinua egin du]. Askotan zein polita den gardentasun hori ateratzeko aukera gure buruari uztea, garen hori izaten.
Haurdunaldi horrek bederatzi hilabete baino gehiago iraun du, ezta?
Gehiago, bai! Urte eta erdi egon gara. Beste diskoa bukatu genuenean, nahiko azkar, kantuak sortzen hasi nintzen. Hasieran Gorka, Urbil eta hirurok maketa bat grabatu genuen, eta diskoari ekin genion. Normalean udarak autokarabana hartuta pasatzen ditut, baina iazkoa izan zen… Baina oso gustura.
Kolaboratzaile zerrenda luzea izan duzu, taldeko kideez gain.
Oso modu naturalean sortutako gauza izan da. Ez da izan diskoa planteatzerakoan esan genuela ‘hau, hau eta hau sartuko ditugu’. Ez. Zuzenekoetan taldekide desberdinak egon dira, baten batek jo ezin zuenean ordezteko. Diskoa grabatzeko orduan jende horrekin kontatu dugu.
«Diskoa sortzearen prozesua potentea da, barru-barrutik ateratzen da»
Zeintzuk dira influentziak?
Eraginak asko dira: Gorka Urrak entzuten duena, Urbil Artolak entzuten duena… Gero dena nahasten da. Asko entzuten dut Allison Crowe, Nanci Griffith, Noah, Pretenders asko gustatzen zait… Influentzia horiek guztiak jaso ditut. Oro har, neska abeslari gehiago entzun ditut.
Hiru bat aste pasatu dira diskoa aurkeztu zenutenetik. Zein harrera izan du?
Oso ona. Oso pozik nago. Egia da pertsona oso baikorra kontsideratzen naizela, orduan, beti daukat sentsazio ona. Nola edukiko dut sentsazio txarra? Azkenean, nahi dudana egiten ari naiz, gustatzen zaidana. Entseguekin ari gara orain, eta dagoen giro hori… Opari bat da. Bizitzak opari asko ematen ditu.
Diskoekin psikologoetan aurreztu duzula esaten duzu. Atera al dituzu kontuak?
[Kar-kar] Lehenengo kantua sortu nuenean, behar batetik abiatu nintzen, zerbait kanporatzeko behar batetik. Gaur egun, oraindik, eszenatokietara itzultzeko grina hori sorrarazi didana da zerbait esateko beharra, nire burua askatzeko beharra.
Konparazio bat jartze aldera, joaten gara partxeak jartzen gorputzean, eta niretzako horiek kentzea da musika [partxeak kentzearen keinua egin du]. Kantu bakoitzean puskatxo bat kentzen dut, eta arinago sentitzen naiz zerbait sortzen dudanean. Terapia bat da.
Hamarkada bat egon zinen fokuetatik kanpora. Zerbait sortu zenuen?
Ez.
Ezer ere ez?
Ez. Hamar urte horiek egon nintzen erabat bolkatuta nire burua berraurkitzen, nire haurrekin gozatzen, familiarekin disfrutatzen… Gero konturatu nintzen zerbait falta zitzaidala. Haurrak ere koxkortu dira, eta hutsune hori sentitu dudanean, berriro ere musikari heldu diot.
Ez duzu musikaren hutsunea nabaritu?
Ezer ere ez. Zero. Egia da historia batetik nentorrela… Hamalau urterekin hasi nintzen musikaren munduan, 17-18 urterekin a tope joan nintzen, eta bidai luzeak egiten genituen. Trote handia izan zen.
Hor heldu bihurtu zinen?
Bai, bai… Nerabezaro garai hori guztia musikari erabat lotuta pasatu nuen. Behar izan nituen urte mordoxka bat berriro kokatzeko, eta nire burua aurkitzeko, beste modu batera.
«Hamar urte egon nintzen nire burua berraurkitzen, haurrekin gozatzen»
Hamar urtera musikaren behar hori sentitu zenuenean, ez zinen herdoilduta sentitu?
Ez. Zerbait buruan sartzen zaidanean… Bikotekideak esaten zidan: ‘Frenatu! Oso azeleratuta zoaz!’. Azeleratuta, baina zoriontsu! Hemen bakoitzak bere zoriontasuna bilatu behar dugu, eta momentu horretan sentitu nuen nire poza eta zoriontasuna bide horretatik zihoala.
Oraindik zoriona ematen dizu?
Bai, bai. Horrela jarraitzen dudan bitartean, kantatzen eta konposatzen jarraituko dut.
Beraz, bidearen bukaera ez duzu hurbil ikusten oraingoz?
Ez dut ikusten ere. Niretzat bide bat da, bidaia bat. Ez zait gustatzen bukaera ikustea. Nahiago dut esatea ‘orain hemen nago, eta hau disfrutatu nahi dut, eta gero, gerokoak’.
Hilaren 23an emango duzu lehenengo kontzertua, Oiartzunen. Gogotsu zaude etxean jotzeko?
Oiartzunen oso goxo sentitzen naiz, oso babestua. Kuriosoa da egunero herrian ikusten dudan jendea kantatzen ikustea. Udaletxeko aretoa txikia da, goxoa da. Xarma handia dauka.