Frankismoaren gaineko liburuak asteazkenean hasiko da banatzen udala
'Errenteria 1936-1945: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan' liburuak asteazkenean banatzen hasiko da udala, doan, Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan, eta Madalena kaleko zein Beraungo liburutegietan.
Errenteria 1936-1945: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburuak asteazkenean banatzen hasiko da udala, doan, Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan, eta Madalena kaleko zein Beraungo liburutegietan. Errenteriako Udalak 2016ko uztailean 1936ko Espainiako Gerran zein gerraostean gertatutako egitateen eta giza eskubideen zapalketen larritasuna zehazteko ikerketa abiatzea erabaki zuen. 2017ko urrian jarri zen abian ikerketa, eta horren emaitza da liburua, Aranzadi Zientzia elkarteko Amaia Rodriguez Oñatibia historialariak hiru liburutan bildu duena.
Liburu bakoitzeko 1.500 ale argitaratu ditu udalak. Pasa den ostiralean aurkeztu zituen Niessen Kulturguneko aretoan liburu horiek, Frankismoaren biktimekin lotura zuten 250 lagunen aurrean. Ekitaldi itxia izan zen, eta pertsona horiek izan dira liburua jasotzen lehenak.
Testigantzak izan dira ikerketa lanaren oinarria, eta horrekin batera artxibo desberdinak arakatu ditu ikerlariak. 1.891 izen eta horien guztien bibliografia labur bat jaso ditu egileak.
Ikertutako garaian 9.000 biztanleko herria zen Errenteria-Orereta. Horietatik 862 gudari eta miliziano joan ziren gerrara, eta 99 gerran hil ziren. Bando Frankistak Errenterian erreklutatutako gudularietatik 51 gerran hil ziren. Gainera, 274 errenteriar epaitu zituzten gerra kontseilu frankistetan; 20 heriotza zigor ezarri zituzten eta zortzi gauzatu ziren. Gerran judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren.
Frankisten bandoan 75 preso eta 11 fusilatu izan ziren.
Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien; guztira, 35 udal langile kaleratu zituzten. 154 haur atzerrian errefuxiatu eta eren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan urte luzez. Errenteriako biztanleen erdiak herritik atera behar izan zuen, eta ehunka preso egon ziren baldintza eskas eta penagarrietan langile batailoietan.