Aiora Irazuk brontzezkoa lortu du Espainiako piraguismo txapelketan
Sevillan jokatu da, eta han izan da, lehen aldiz, Pasaia Kayak taldea
Pasaia Kayak taldea lehenbizikoz lehiatu da neguko ur lasaietako piraguismoko Espainiako txapelketan. Sevillan jokatu da, Guadalquivir ibaian, asteburuan, eta lau izan dira klub pasaitarraren ordezkariak: Iñigo Lois eta Ion Carballo Senior Mailan, Xabi Aranburu 23 urtez azpikoetan, eta Aiora Irazu oiartzuarra Junior Mailan, 17 urtez azpikoen sailkapenean.
Larunbatean sailkapen estropada lehiatu zuten, eta Irazuk eta Carballok lortu zuten iganderako txartela.
Irazuk, gainera, larunbateko indar erakustaldia berretsi zuen igandean. 17 urtez azpiko hirugarren sailkatua izan zen palista oiartzuarra, eta bigarren postua lortzetik oso gertu egon zen, nahiz azken unean ihes egin zion aukerak. Brontzeko domina kolkoan zintzilikatuta, garaipen historikoa erdietsi du palista oiartzuarrak Pasaia Kayakentzat.
Senior Mailan, Ion Carballok 30 lehenengoen artean sartzea lortu zuen, merituzko lana eginez, kontuan hartuta ia-ia bere lehiakide guztiak internazionalak zirela.