Asensio: "Errauste planta martxan jarrita, aurten itxiko dugu San Markoko transferentzia gunea"
Alderdi sozialistak antolatutako hitzaldi zikloaren barruan parte hartuko du Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuak; Cristina Laborda Irungo Mugikortasun delegatuak ere hartuko du parte hitzaldi horretan.
Hauteskunde kanpainarekin bete-betean ari dira alderdi politikoak. Horretan ari da ere alderdi sozialista eta aurretik iragarri bezala, hainbat hitzaldi antolatu ditu Herriko Etxean. Bihar egingo du ziklo horren barruan antolatutako bigarrena, eta gaur eman du horren berri Jose Angel Rodriguez alderdi sozialistaren alkatetzarako hautagaiak Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuarekin batera Iztieta-Ondartxon.
Ez dute ausaz aukeratu agerraldirako agertokia, “kolektore berria eta saneamendu instalazioak eraikitzeko lanak egin zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Añarbeko Urak Mankomunitateak Oiartzun ibaiaren saneamendua hobetzeko. 2, 2 miloi euroko inbertsioa egin zuten horretarako bi erakundeek”, esan du Rodriguezek, instituzioen arteko elkarlana “ezinbestekoa” dela eransteko: “Herritarren bizi modua eta herriak hobetzeko beharrezkoa da elkarlan hori proiektuak aurrera egin dezaten. Horretarako borondate politikoa behar da eta guk, alderdi sozialistak, hala erakutsi dugu lehen egunetik”.
Programa osatzen ari direla esan du, eta egun gutxi barru publiko egingo dutela.
Hirien etorkizuneko erronkak goiburuarekin, hitzaldia egingo dute bihar Joseba Etxartek alderdi sozialistako zinegotzia Errenteriako Udalean, Jose Ignacio Asensiok Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatua, eta Cristina Labordak Irungo Udaleko zinegotzia. Asensiok klima aldaketaren gainean eta udalek horri aurre egiteko har ditzaketen neurriez mintzatuko da gainera, eta Labordak mugikortasun iraunkorra izango du mintzagai. Errenteriako alderdi sozialistak nabarmendu du erreferentea dela Irungo Udala mugikortasun iraunkorrean, “autobus linea elektrikoa jartzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen hiria izan da”.
Ikasgai pendienteak daudela onartuta, egungo Gipuzkoak ezer gutxi duela ikustekorik esan du Asensiok, eta baieztapen hori hondakinen kudeaketarekin lotu du, “Denis Itxaso San Marko Mankomunitateko presidente izanik itxi zuen San Markoko zabortegia; behin Zubietako instalazioak martxan jartzen ditugunean, San Markoko transferentzia gunea itxiko dugu ez delako beharrezkoa izango”. Ez du data zehatzik eman, baina aurten izango dela erantsi du Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuak, “Zubieta %100ean jartzen denean”. Errauste plantarekin, “hondakinen kudeaketa eguneratua, modernoagoa, eta Europako herrialderik aurreratuenen parekoa” izango duela Gipuzkoak esan du.
Horretaz guztiaz, baita mugikortasunaz ere mintzatuko direla esan du Rodriguezek, “mugikortasuna erronka delako udalentzat ere”, eta herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera “eta galdetzera”. Hitzaldia Herriko Etxean izango da 19:00etan hasita.