Uliako tiro eremu zaharreko zabortegia garbitzeko eskatu du Eguzkik
Talde ekologistak salatu duenez milaka kartutxo-zorro eta tako pilatuta daude bertan aspalditik.
Uliako Basolluako tiro eremuko beheko partean milaka kartutxo-zorro eta tako pilatuta daudela salatu du Eguzkik, eta ingurua ahalik eta azkarren garbitzea eskatu dio Donostiako Udalari, lur eremua berea delako.
Eguzkiren arabera, hondakin hauek “hogei urte baino gehiago egin dituzte hor”, eta garbiketaz ez dela inor arduratu gaineratu du “ez Basallua elkartea, ezta eremuaren jabe den udala ere”.
Talde ekologistak nabarmendu duenez, hondakin plastiko horiek “itsasora iristea denbora kontua baino ez da”, eta planeta osoa gaiaz kezkatuta dagoen bitartean, Ulian, “udal eremu batean, orain dela 23 urte abandonatutako plastiko-zabortegi bat” egotea deitoratu du.
Egoera hau ahalik eta azkarren konpontze aldera Eguzkik eskaera zuzen bat helarazi dio Donostiako Udalari: “Garbitu dezala lehenbailehen zabortegi hau, legez kanpoko jarduera baten ondorio dena eta 23 urte abandonatuta daramatzana”.
Aurrekariak
Eguzkik jakinarazi duenez Uliako tiro eremua XX. menden sortu zen. Hastapenetan usakumeak botatzen zituzten bertan, 1954. urtean, Donostiako Udalak lur eremua Basollua elkarteari utzi zion arte plater tiroketan aritzeko.
Talde ekologistaren arabera “geroztik milaka kartutxo zorro, tako eta berunezko perdigoi” zabaldu zituzten lur eremuan, ingurua kutsatuz.
Tiro eremua 1996. urtean itxi zuen Guardi Zibilak, Uliako Auzo Elkarteak eta Eguzkik hainbat salaketa tarteko, baina ordura arteko jardueraren ondorioz sortutako hondakinak bertan pilatuta jarraitzen dute.