Bertako ekoizlerik gabe, «ezinezkoa» den egitasmoa
Eskualdeko eta gertuko ekoizleei esker egonkortu da Labore Oarso. Lekungarai Gaztak, Elika Barazkiak edo Antxoko Azokako Ogi Ekologikoa dira horren adibide.
Labore Oarso kooperatibaren ia bi urteko ibilbide horretan, lehen minututik alboan bertako ekoizle ugari izan ditu, ukondoz ukondo lanean. Haiei esker, egun direna izatea «ezinezko» litzakeela nabarmendu du Jon Legorburuk. Egitasmoa eskualdeko zein Euskal Herriko ekoizleak laguntzeko sortu zutela azaldu du, inguruan dauden dozenaka «superfizie handi horiei aurre egin ahal izateko».
Eskualdeko eta inguruko ekoizleekin egiten dute zuzenean lan Laboreko kideek. Ekoizle horietako hirurekin (eskualdean jada aski ezagunak dira) bildu da Hitza, Antxoko Azokako Ogi Ekologikoa, Oiartzungo Lekungarai Gaztak eta Elika Barazkiak ekoizleekin zehazki. Laboreri esker euren jardunak izan duen gorakada eta egungo ekoizle txikien errealitateaz aritu dira.
Oso pozik daude hiru ekoizleak Laboreren jardunarekin. «Guretzako Labore loteria bezalakoa izan da. Gure filosofia berarekin egiten dute lan, plazerra da haiekin batera lan egitea», dio Elika Barazki Kooperatibako Alazne Inziartek. Joritz Mitxelenarekin batera egunero aritzen dira Makutso baserri inguruko lurrak ereiten. Bertan zuzenean saltzeaz gain, barazki saskiak egiten dituzte, eta inguruko dendetan ere euren produktuak salgai daudela kontatu dute. Ordea, Labore da ia lan gehien ematen dien bezeroa. Egunero, goizean goiz furgoneta moztu berri dituzten barazkiz betetzen dute, kooperatibako bazkide guztien bitamina beharrak asetzeko adina. «Sekulako aldea dago, momentuan mozten ditugu barazkiak eta bezeroek hori asko eskertzen dute».
«Momentuan mozten ditugu barazkiak, bezeroek asko eskertzen dute»
Elikakoak bezalaxe, Pasai Antxoko Aintzane Sanchez okinak ere gorakada nabarmena sumatu du Labore ireki zutenetik. «Laboreri esker hilabetean finko bat daukat, astero ogi kopuru zehatz bat saltzen diet. Niretzako eta oro har herritarrentzako egitasmo ederra iruditzen zait». Antxoko azokan postutxo bat duela kontatu du, eta bertan saltzeaz gain, baduela bere bezero sarea. Hala, astean zehar gertuko herritarrekin biltzen da; erosleen kopuru handi bat Oarsoaldetik kanpokoa dela dio.
Produktua kalitatezkoa izatea da ekoizle hauen arrakastaren gako nagusia. Maitasunez egiten dute guztiek lan, produktua ahalik eta goxoen eta osasuntsuen saltzeko asmoz. «Niretzat egunero erronka bat da ogia egitea, motibatuta jaisten naiz egunero lanera joateko, ogiaren mundua benetan maite dut». Gainera, %100ean zekale eta espeltako ogia egiten duen eskualdeko okin bakarra dela azaldu du. Eta jakin-mina eragin du horrek, jende askoren deiak jasotzen ditu informazio eske. Supermerkatuetako «ogi merke eta txikledun» horien aurrean, hark eta Laboreko bazkideek argi dute.
«Egunero erronka bat da niretzat ogia egitea, motibatuta jaisten naiz lanera»
Oiartzungo Lekungarai baserrikoak esperientzia handiko gaztagileak dira, hauek ere primerako produktua saltzen eman dituzte urte dezente. Aspalditik Oiartzungo ia denda guztietan aurki daiteke euren gazta famatua, eta Lezo, Errenteria-Orereta, Irun edo Hondarribiko zenbait denda txikitan ere. Orain dela bi urtetik ere Laboren salgai dute gazta, eta ia denda guztietan bezalaxe, hegalak dituela dirudi. «Gure gazta saltzeko denda txikiak bilatu ditugu beti, kalitateari garrantzi handia emango dioten dendak, ez dugu superfizie handietan egon nahi», azaldu du Amaia Larrañaga gaztagileak. Harekin batera, beste bi langile aritzen dira gogor baserrian lan egiten, astelehenetik igandera bitarte, ia etenik gabe.
Onena, iristeke
Azken hilabeteotan Labore Oarsok sekulako gorakada izan duen arren, onena oraindik etortzeke dagoela uste dute ekoizleek. «Oraindik azaldu ez den jende asko dago, etorriko dira poliki-poliki», dio gaztagileak.
Laboreri esker, inguruko herritarren artean kontsumo arduratsuaren kontzientzia hori birsortzen ari dela kontatu du oiartzuarrak. «Jendea hasi da zer jaten duen begiratzen, eta Laborek jaten duzun hori kalitatezkoa dela berresten du. Oso proiektu ona iruditzen zaigu, beharrezkoa», gehitu du.
Okinak ere kooperatiba bide luzeko egitasmoa izango dela uste du. «Egungo kontsumo ohituren istorioa nola dagoen ikusita, zalantzarik ez daukat, honek goraka egingo du. Jendea gero eta gehiago arduratzen da, asko begiratzen dugu zer jaten dugun egunerokoan».
«Jaten duzun hori kalitatezkoa dela berresten du Laborek»
Bertako eta garaian garaiko produktu ekologikoen gorakada ukaezina da. Egoera aldatzen ari den arren, supermerkatuen prezioekin lehiatzea izaten da ekoizle hauen handicap nagusietako bat. «Normala da guk ekoitzitakoa garestiagoa izatea, kate moduko bat da. Kalitatezko produktu bat egitea garestia da», dio gaztagileak. Halere, gero eta herritar gehiagok egiten dute kontsumo arduratsuaren aldeko apustua, Laborek erakutsi du.