'Errenteria 1936-1945' liburuen bigarren edizioa egingo du udalak
Frankismoaren gaineko liburuak bi egunetan agortu dira, eta udala argitalpenaren bigarren edizioa prestatzen ari da. Horiek eskuratzeko tokiak eta egunak datozen egunetan jakinaraziko du udalak.

Errenteria 1936-1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburuak agortu egin dira. Pasa den asteazkenean hasi zuen doako banaketa udalak, eta bi egunetan agortu dira ikerketaren hiru liburukien 1500na aleak. Argitalpenak oso harrera ona izan duela esan du udalak, eta horrenbestez, bigarren edizio bat argitaratzea erabaki du. Datozen egunetan jakinaraziko du hiru liburukiak noiz eta zein tokitan banatuko dituen.
Hiru liburuak formatu elektronikoan, hau da PDF formatuan eskuratu daitezkeela gogorarazi dute argitalpenaren arduradunek Errenteriako Udalaren webgunean.
Udalbatzarrak hala erabakita, Aranzadi Zientzia Elkarteari ikerketa egitea eskatu zion udalak, 1936ko Espainiako Gerrako eta lehen frankismoko biktimei egia eskaintzeko tresna gisa. Amaia Rodriguez Oñatibia Aranzadiko historialariak egin du ikerketa, eta 750 orritan jaso ditu emaitzak.
Testigantzak izan dira ikerketa lanaren oinarria, eta horrekin batera artxibo desberdinak arakatu ditu ikerlariak. 1.891 izen eta horien guztien bibliografia labur bat jaso ditu egileak.
Ikertutako garaian 9.000 biztanleko herria zen Errenteria-Orereta. Horietatik 862 gudari eta miliziano joan ziren gerrara, eta 99 gerran hil ziren. Bando Frankistak Errenterian erreklutatutako gudularietatik 51 gerran hil ziren. Gainera, 274 errenteriar epaitu zituzten gerra kontseilu frankistetan; 20 heriotza zigor ezarri zituzten eta zortzi gauzatu ziren. Gerran judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren.
Frankisten bandoan 75 preso eta 11 fusilatu izan ziren.
Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien; guztira, 35 udal langile kaleratu zituzten. 154 haur atzerrian errefuxiatu eta eren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan urte luzez. Errenteriako biztanleen erdiak herritik atera behar izan zuen, eta ehunka preso egon ziren baldintza eskas eta penagarrietan langile batailoietan.