Hiru lagun atxilotu dituzte indarkeria erabilita lapurreta egitea egotzita
Gazte bati eskuko telefonoa larderia eta indarkeria erabilita lapurtzea egotzi die hiru gazteei Ertzaintzak.
Ertzaintzak 19, 20 eta 22 urteko hiru lagun atxilotu zituen atzo goizaldean indarkeria erabiliz lapurreta egitea egotzita. Gazte bati eskuko telefonoa larderia eta indarkeria erabilita lapurtzea egotzi die hiru gazteei Ertzaintzak. Martin Etxeberria kalean izan zen gertakaria atzo 04:15ean aldera. Patruila lanetan ari zen Ertzaintzaren auto bateko agenteek oihuak entzun zituzten Juan Olazabal eta Martin Etxeberria arteko kalezulo batean, eta bertaratuta, hainbat lagun gazte bat inguratu eta bultzatzen ari zirela ikusi zuten.
Ertzaintza ikusita, korrika ihes egin zuten erasotzaileek, baina haietako bat atzeman zuten agenteek.Beste bi ustezko erasotzaile, gertaeren inguruan dagoen taberna batean atzeman zituen Ertzaintzak.
Bost lagunek eraso egin ziotela kontatu zien gazteak ertzainei ondotik pasatzen ari zela inguratu, kristalezko botila batekin mehatxu egin, kolpatu, eta eskuko telefonoa lapurtu ziotela.
Hiru lagunak atxilotu egin zituzten larderia eta indarkeria erabilita lapurreta egitea egotzita. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, ikerketa zabalik da beste bi lagunak identifikatzeko.