Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak urbanoaren tarifak garestitzea adostu dutela salatu du udalak
Errenteriako Udala ez da ados azaldu neurriarekin, baina ez da nahiko izan bertan behera uzteko, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak %90eko ordezkaritza dute organo horretan.
Errenteriako Udala ez da ados azaldu neurriarekin, baina ez da nahiko izan bertan behera uzteko, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak %90eko ordezkaritza dute organo horretan. Astelehenetik aurrera, beraz, garestiagoa izango da Errenterian urbanoa hartzea. %2,85eko igoera izango du zerbitzuak, oro har, 5 zentimo igoko dira hiri eta Oarsoaldea barruko ibilbideen prezioak.
Errenteriako Udalaren ordezkariek tarifak izoztea eta transbordoak eta 51. bidaiatik aurrerakoak doan izatea proposatu zuten, “baina aldundiak et Eusko Jaurlaritzak nahiago izan dute tarifen igoera adostu”. Tarifa guztiak igo arren, hobekuntza batzuk ere izango direla zehaztu du udalak komunikabideetara bidalitako prentsa oharrean. Besteak beste, %46ko deskontua egin beharrean, %47koa egingo dute lehen 20 bidaietan. Gazteei deskontu berriak ezarriko dizkiete bestalde, %90ekoa beharrean, %100ekoa ezarriko diete 51. bidaiatik aurrera, eta dirua kargatzean hobaria %14koa beharrean, %25ekoa izango da.
Herritar ororentzat izan behar zuen hobekuntza, ordea, bertan behera gelditu dela jakinarazi du udalak, “deskontua handitu arrean, erabiltzaileek gehiago ordaindu beharko dutelako tarifen igoeraren ondorioz; hain zuzen ere horren aurkakoa proposatu zuten Garraio Agintaritzako kide batzuk 25 euroko tarifa finkoa planteatuta”.
Garraio publikoa zigortu
Garraio pribatuaren aurrean benetako alternatiba eskaintzeko, agintaldi honetan garraio publikoa gero eta irisgarriagoa egitea behar zuela apustua nabarmendu du, gainera udalak, “ez dute aintzat hartu gure proposamena”. Tarifak izoztuko ziren ustea zuela erantsi du udalak, “hori proposatu baitzuten Garraio Agintaritzan ordezkaritza duten alderdiek, azkenean kontrako erabakia hartu duten. Udalak horri aurreko agintalditik zetozen beste hainbat proposamen gehitu zizkion, bi egoera hobetzeko : zerbitzu zuzenik ez dutelako transbordoak egin behar dituzten erabiltzaileak konpentsatzea, eta horrenbestez, transbordo guztiak doakoak izatea; bigarren proposamena hilean 50 bidaia baino gehiago egiten dituztenei, 51. bidaiatik aurrera %100eko hobaria izatea”. Mugi txartelaren erabiltzaileei transbordoa egiten dutenean ibilbide merkeenaren %25 kobratzen diete egun; 51. bidaiatik aurrera, berriz, %90eko deskontua egiten diete Mugi txartelaren erabiltzaileei.
Garraioen Lurralde Agintaritzarengan eragin ekonomiko “hutsala” luketela neurri horiek esan du udalak, “hala ere, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak udaletik proposatutako neurri horien alde egin beharrean, Mugi tarifak murriztetik urrun, garraio publikoa zigortu dute hartu duten erabakiarekin”.