Azken eraso matxista salatzera deitu du mugimendu feministak
Azken eraso matxista salatzera deitu du Oreretako Mugimendu Feministak, kaleak hartu eta politika errealak exijitzera indarkeria matxistarekin amaitzeko.
Azken eraso matxista salatzera deitu du Oreretako Mugimendu Feministak, kaleak hartu eta politika errealak exijitzera indarkeria matxistarekin amaitzeko. Izan ere, argi esan du mugimendu feministak, behin eta berriro errepikatu polizia eta epaile neurri zigortzaileak ez direla nahikoak, arazoaren muina identifikatuko duten politika erreal eta integralak ezinbestekoak direla indarkeria matxistarekin amaitzeko.
Erasorik ez erantzunik gabe lelopean elkarretaratuko da mugimendua Fanderia auzoko topoaren geltokian “nekatuta eta nazkatuta”, aurretik bide luzea duen jakitun, baina helburu garbiarekin erasotzaileak kaleetatik eta herritik kanporatzea, indarkeria matxista ezabatzea, emakumeak aske izan daitezen.
Fanderia auzoan izan zen erasoa astearte gauean. 23 urteko gizon batek bikote ohia eraso zuen kale erdian. Urruntze agindua zuen gizonak. Emakumearen oihuek asaldatuta deitu zuten polizia bizilagunek, eta gizonak ihes egin bazuen ere, erasoa egin eta gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak lekutik gertu. Urruntze agindua urratzea eta genero indarkeria egotzita atxilotu zuen Ertzaintzak erasotzailea.
Hilabetean izan den bigarren eraso matxista izan da asteartekoa, eta urtea hasi zenetik hirugarrena. Otsailaren 18an izan zen eraso matxista Maria Lezo kalean, eta hilaren 11n Etxeberrieta auzoan.
Elkarretaratzea 19:30ean izango da eta herritar guztiak deitu ditu bertaratzera mugimendu feministak, Errenteria-Oreretak ez duela indarkeria matxistarik nahi, erasotzaileak kaleetatik eta herritik kanpo nahi dituztela ozen esatera.