Epaiketarik ez Jaizkibel erre zuten Guardia Zibilen kontra
Eguzki Talde Ekologistak bide penaletik ez jarraitzea erabaki du eta zergatiak azaldu ditu.
Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez, ez da epaiketarik egingo Jaizkibelen sute bat sortu zuten hiru guardia zibilen kontra.
2014ko martxoaren 10ean gertatu zen sutea, guardia zibilak tiro eremu militarrean itsas bengala zahar batzuk suntsitzen ari ziren bitartean. Hasieran Guardia Zibil bakoitzarentzat urte bateko kartzela zigorra eta isuna eskatzen bazituzten ere, poliziak errugabetuta gertatu dira, talde ekologistaren arabera “lehendabizi Fiskaltzak, gero Eguzkik eta azkenean Foru Aldundiak amore eman dutelako”.
Eguzkik amore eman izanaren arrazoiak azaldu ditu prentsa ohar bidez, eta besteak beste, bide penala ondoriorik gabe bukatuko zela uste dutela argudiatu dute.
Hori ez da izan, hala ere, arrazoi bakarra. Azken bost urteotako diligentzien bitartez sutea beraiek salatu bezala gertatu zela guztiz frogatu dutela dio Eguzkik, nahiz eta Fiskaltzak akusazioari lehen unetik uko egin.
Eguzkiren arabera, sute hura gertatuz geroztik segurtasun protokoloak zeharo aldatu dituzte, eta horrek ere eragina izan du erabakian.
Hala ere, eta akusazioarekin aurrera jarraitu ez arren, Eguzkik nabarmendu du Jaizkibelgo tiro eremu militarraren eraispena eskatzen jarraituko duela.