Etxeko langileen topagune izango da Emakumeen Etxea larunbatean
SOS Arrazakeriako Etxeko Langileen taldeak kolektibo horren bigarren festa antolatu du larunbaterako. Sareak ehuntzera deitu dute sektore horretan lanean diharduten emakumeen egoera prekarioak duintzeko.
Festa giroan bilduko dira, ospatu egingo dute beren eguna, baina batez ere sareak ehundu eta aldarrikapenerako espazioa sortu nahi dute. Etxeko Langileen bigarren festa egingo dute larunbatean SOS Arrazakeriako Etxeko Langileen taldeko kideek antolatuta. Emakumeen Etxean izango da festa eta bertara deitu dituzte etxeko langile guztiak, baina baita ere berez prekarioa den lanbide baten alderik ilunena bizi duten emakumeak lehen eskutik ezagutu nahi dituzten gainontzeko emakume guztiak ere.
Agerraldia egin zuten atzo Sandra Gonzalezek eta Wendy Rodriguezek. Etxeko langileak dira biak, migratzaileak eta SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileen taldeko kideak: “Jaiak ongi pasatzeko espazioa izan nahi du, baita topaketarako eremua ere”. Gonbita berezia egin zieten biek Martxoaren 8an mobilizazioetan parte hartu zuten emakumeei, “etxeko langileen aldarrikapenek leku berezia izan zuten mobilizazio horietan”. Argi diote: “Emakumeon arteko batasunak eta elkartasunak indartsuago egiten gaitu”.
Ehunka emakume ari dira etxeko lanetan Gipuzkoan, Gonzalezek eta Rodriguezek emandako datuen arabera 10.000 bat emakume dira guztira, “horietatik asko emakume migratzaileak gara, eta barneko etxeko langile ia guztiak emakume migratzaileak dira. Dagoeneko prekarioa den sektore bati, balio gutxikoa eta gaizki ordainduari, barneko langileek mota guztietako gehiegikeriei aurre egin behar izaten dietela gehitu behar diogu”.
Sektorea duintzeko neurriak
Erakundeei eta bereziki lan ikuskaritzari esku hartzea eskatu diete, “egoera zuzentzeko”. Eskaera zehatzak egingo dituzte larunbateko festa horretan Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna dela baliatuta asko dutelako ospatzeko, baina askoz ere gehiago aldarrikatzeko. Gehienezko 40 orduko lan jarduna; egindako lanekin bat datorren soldata; lan bukatzeagatik indemnizazioa gainontzeko sektoreetan bezala; edozein motako abusu salaketak lan ikuskaritzaren erantzun azkar eta eraginkorra izatea; Gipuzkoako Foru Aldundiak menpekotasun laguntza jasotzen duten pertsonekin lanean ari diren emakumeen lan egoera ikuskatu dezan; osasun eta lan segurtasun baldintza zehatzak ezartzea sektorean; langabezia prestazioa; benetako diru sarien araberako kotizazioa; pentsio duinak; eta Espainiako Estatuko Gobernuak LANE Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 hitzarmena sinatzea.
Jaiaren barruan berriz, Chica seria y responsable dokumentala emango dute. SOS Arrazakeriak egin du dokumental hori etxeko langileen inguruan. Bertan SOS Arrazekeriako Etxeko Langileen taldeko bost kideren testigantza bildu du. 17:00etan izango da hori. Taldeko ekintzak egingo dituzte ondoren, 17:30etik 18:30era elkarren artean ezagutzeko, eta ondoren festara bildutakoek prestatutako jatekoak dastatzeko unea helduko da. Emakumeen Etxera joaten direnei etxean prestatutako zerbait eramatea eskatu diete, “ahal bada etorriko direnek beren herrietako janari tipikoak ekartzea eskatuko nahiko genieke. Ez da beharrezkoa asko prestatzea, lau edo bost lagunentzat adina”.
DJ Patek hartuko du lekukoa 19:00etan eta 21:00ak arte dantzaldia izango dute.