Gizarte zerbitzuetan Errenteriako Udala berriro bikain
Gaur jaso du Julen Mendoza alkateak Madrilen Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak ematen duen saria. Bigarrenez saritu dute Errenteriako Udala.
Bikain. Bigarrenez notarik altuena eman dio Errenteriako Udalari Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak. Arrazoia: Estatuko 20.000 biztanleko hirien artetik gizarte kohesio eta justizian gehien inbertitzen duen udala izatea. Julen Mendoza alkateak jaso du saria gaur Madrilen Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkartearen 25. biltzarrean.
Gizarte zibilak eta instituzio publikoek elkar ulertzea ezinbestekotzat jo du Mendozak hitza hartu duenean gizarte sistema publikoa blindatzeko, “indarra hartzen ari diren pribatizatzearen proposamenen aurka”. Errenteria lehen postu horretan egotea ahalbidetzen duten emakume langileei egiten duten lana eskertu die, gainera, eta oso sektore feminizatua dela nabarmendu du.
Espainiako Estatuaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak urtarrilean argitaratu zuen ikerketa baten arabera, Errenteria da berriro gizarte kohesio eta justizian gehien inbertitzen duen 20.000 biztanletik gorako herria. Urteko eta pertsonako 275,74 euro bideratzen ditu. Aipatu elkarteak 31 udaletxe baino ez ditu bikaintzat jo, eta Errenteria da sailkapen horretan lehenengoa. Kalifikazio hori lortzeko hainbat baldintza bete behar dituzte udalek: gizarte zerbitzuetan urtean, biztanleko, 100tik gorako inbertsioa egiten dela akreditatzea; inbertsio horrek ezin du aurreko urtekoa baino txikiagoa izan; gizarte inbertsioa, gutxi gutxienez aurrekontu orokorraren %10a baino gehiagokoa izan behar du; Udalak finantza gardentasuna printzipioa bete behar du.
Herritarrak bere jardueraren erdigunean jartzeko egiten duen apustua balioetsi eta berresten duela ikerketak esan du udalak, “izan ere Errenteriako Udalak argi du ez dagoela kalitatezko herri proiekturik kohesioaren eta gizarte justiziaren aldeko apusturik egin ezean. Horri dagokionez, okerren pasatzen ari direnengan inbertitzea, herrian, bere osotasunean inbertitzea da”.
Printzipio hori Errenteria 2025 Plan Estrategikoan jasoa dagoela esan du udalak, “zehazkiago lehen erronkatzat hartu genuen lortzea hiri solidario, aktibo, kohesionatzaile eta integratzailea”. Gizarte zerbitzuetan eta laguntzetan inbertitutako diruak ez dituela jasotzaileak soilik laguntzen ulertzen duela nabarmendu du azkenik gobernu taldeak, “gure hiriaren kohesioa areagotzen dute. Errenteria hobe bat sustatzen dute eta hori da udal jardueraren oinarrizko helburua”.