Herritarren ekarpenak eskertu ditu EAJk
Herritarren kezka nagusiak kalitatezko enplegua, berdintasuna eta etxebizitza direla nabarmendu du EAJren alkategai Nahikari Oterminek.
Pasaiako EAJk bukatutzat eman du hauteskundeen atarian herritarren ekarpenak jasotzeko helburuz antolatutako kanpaina, eta ekarpenak bilduta esker ona azaldu die proposamenak helarazi dituzten herritar guztiei.
Nahikari Otermin alkategaiak adierazi duenez, “prozesu honen bitartez herritarren benetako kezkak zein diren ezagutu nahi” izan dute, “beren proposamenak jaso, eta Pasaia hobe bat eraiki” nahi dutelako, “herritarrekin elkarlanean” .
EAJren arabera, jaso dituzten ekarpenetan, hiru dira herritarren kezka nagusiak: “enpleguaren kalitatea, berdintasuna eta etxebizitza”, eta gaineratu dute “kezka horiek jaso eta proiektu ezberdinen bitartez horiei erantzuna ematen ahaleginduko” direla.
Dagoeneko aurreratuak dituzten zenbait proiekturen berri ere eman du EAJk eta “gazteei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko, Adinberri proiektua garatzean San Pedroko zaintzapeko pisuak gazteen eskura jarriko dituztela” jakinarazi du, besteak beste.
Proposamen zehatzagoak ere ba omen dira jeltzaleak bildu dituztenen artean, Otermineren arabera, gehienak “kaleen hobetzea, espazio publikoak atseginagoak bilakatzea, argiztapena eta kale garbiketa hobetzeari lotutakoak”.
Horiez gain, emakumeen etxea sortzea, Antxon kirola egiteko gune berriak sustatzea, adineko pertsonentzako ekimen berriak abiaraztea edota Andonaegi eremurako proiektua garatzea proposatu diete.