[BIDEOA] Itsasertzeko plastikoa jasotzea helburu
Ternuak eta Materrek proiektu bat landu dute elkarlanean Ulia eta Jaizkibelgo itsasertza plastikoz garbitzeko; egitasmoa aurrera ateratzeko herritarren laguntza behar dute.
Jaizkibel-Uliako itsasertza garbitzeko asmoz, Ternuak eta Mater Museoak Plastifish kostera proiektua aurkeztu diote EOCAri (European Outdoor Conservation Association). Helburua: Jaizkibel eta Uliako itsasertzeko eremua plastikoz garbitzea.
Proiektua aurrera atera dadin, baina, herritarren babesa behar dute, eta horregatik, jendeak beren proiektuaren alde botoa eman dezan, esteka zabaldu dute. Apirilaren 11ra arte dago botoa emateko aukera.
“Ozeanoak plastikoz itotzen ari dira eta Kantauri itsasoa ez da salbuespen bat” ohartarazi dute proiektuaren bultzatzaileek. “Itsas-zaborra uretan pilatzen da eta flora, fauna eta gizakirentzat mehatxu handia da, malformazioak eta espezie batzuen heriotza eragin dizkielako”.
Kalteak, gainera, harago doaz denborarekin: “Zaborra hori mikroplastiko bihurtzen da eta 5 milimetro baino gutxiagoko pieza horiek kate trofikoan sartzen dira”, ohartarazi dute “pertsonen osasunean kalterako eraginez”.
Arazo larria izanagatik “askotan ikusezina” dela nabarmendu dute, “hondakinen %70 itsas hondoan dagoelako”.