[Galeria] Borrokan jarraitzera deitu dute pentsiodunek
Duintasunez eta eredugarri hartu dituzte kaleak berriz ere pentsiodunek dagozkien eskubideak defendatzeko. Mezu argia: ez dute etsiko, ezta kalera ateratzeari utziko ere beren aldarrikapenak lortu arte.
Duintasunez eta eredugarri hartu dituzte kaleak berriz ere pentsiodunek dagozkien eskubideak defendatzeko. Mezu argia: ez dute etsiko, ezta kalera ateratzeari utziko ere beren aldarrikapenak lortu arte: “Oraingo eta etorkizuneko pentsiodunak duintasunez bizi ahal izateko, baita lanean ari gineneko lan eskubideak errespeta daitezen”.
Hauteskundeak gertu izanik, gainera, mobilizazioak “gogortzeko” asmoa azaldu dute, eta alderdi politiko guztiei zein gizarteari pentsiodunen aldarrikapenak gogorarazi dizkiete. Honakoak eskaerak: Pentsio sistema publikoa blindatzea, pentsio duinak bermatzeko; Europako Gutun Sozialarekiko konpromisoak betetzeko urrats esanguratsuak egitea; pentsioen igoera KPIaren arabera legez bermatzea; 1.080ko gutxieneko pentsioa ezartzea; Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskaera hori eurena egin eta gaurtik legez osa ditzatela pentsioak kopuru horretaraino; Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izatea pentsio duinak bermatzeko soldatak duina izan behar duelako; prekarietatea areagotu duten lan erreformak indargabetzea; 2011ko eta 2013ko lan eta pentsio erreformen alde atzerakoiak indargabetzea; jasangarritasun faktorea betiko indargabetzea; 40 urte kotizatutako erretiro aurreratuari zigorrik ez ezartzea; gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakalarekin amaitzea; eta Pentsio Plan Pribatu eta EPSVei abantaila fiskalik ez ematea.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak deituta daudela hilaren 13an jakinarazi du Duintasunak, eta horietara deitu dituzte pentsiodunak, “batak zein besteak gobernatu, pentsioak defendatu egingo ditugulako”. Donostian 17:00etan izango da manifestazioa Alderdi Ederretik abiatuta.
Ibilbide berria egin du gaurkoan manifestazioak eta Herriko plazatik, Morrongilleta kalera sartu da eta handik Pontikako biribilguneraino. Maria Lezo kaletik itzuli da Herriko palzara. Beren aldarrikapenak auzo guztietara heltzea nahi omen dute. Manifestazioa amaituta, aipamen berezia egin diote ostiralean jasotako sariari. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimendua saritu zuen Espainiako Estatuko Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiko gobernu batzordeak. Erakunde eta entitateen kategoriako Espainiako Estatuko Gizarte Laneko VII. saria da jaso dutena. Halakoak egunero ez direla jasotzen esanda, familia argazkia egin dute Herriko plazako eskaileretan bildutakoek sariarekin.