Antxoko Zumalakarregi 10 kaleko bizilagunak irtenbide eske
Beren kalearen "egoera antihigienikorekin" nazkatuta daude bizilagunak
Ez da arazoa publikoki salatzen duten lehen aldia, ez eta Pasaiako Udalean kexa erregistratzen duten lehena. Garbitasunaren arazoak, baina, bere horretan dirauela azaldu dute Zumalakarregi 10 kaleko bizilagunek, eta berriz ere arazoa publikoki salatzea erabaki dute, irtenbide eske.
“Zumalakarregi kaleko 10. zenbakiko bizilagunek urte asko ditugu txizak, sabel-husteak, libratzeak, zaborrak, karraskarik eta bestelakoak jasaten, eta Pasaiako Udalari arazoaren berri askotan eman zaion arren, gaur egun egoerak tamalgarria izaten jarraitzen du. Horregatik eta arazoa desatsegina eta antihigienikoa delako, berehalako irtenbide bat eskatzen dugu” diote bizilagunek HITZAra helarazitako idatzian.
Argazkia ere haiek igorritakoa da. Salatu dutenez, irudian ageri den arratoia, bi aste inguru egon da beren atariaren parean . “Horri, zakurren pixen eta kaken arazoa gaineratu behar zaie”, kexatu dira.