[Aurrerapena] Etxean beteko du zigorra Gogorzak
Pultsera telematikoa jarrita etxean jarraituko du zigorra betetzen Gogorzak. Tramiteak beteta, senideekin Donostia Ospitalera joan da. Bertan ingresatuta egongo da tratamendu egokia jarri bitartean.
Aitzol Gogorza larri gaixo den preso oreretarrak etxean beteko du zigorra. Goizean atera da Basauriko espetxetik eta bertatik Martuteneko espetxera eraman dute, azken horrek egingo baitu preso oreretarraren jarraipena. Tramiteak amaituta, Martuteneko espetxetik aterata zain zituen senideak eta haiek Donostia ospitalera eraman dute. Bertan ingresatu eta tratamendu egokia ezarriko diote Gogorzari eta handik etxera joango da. Pultsera telematikoa jarriko diote Gogorzari eta terapia egiteko eta mediku kontsultetara irteteko baino ezingo du etxetik atera.
22 urterekin ihes egin zuen Errenteria-Oreretatik. 43 urte ditu egun. 1999. urteaz geroztik dago preso Gogorza, eta bere egoera larria zelako 2013an Basauriko espetxera hurbildu zuten. Nahasmen obsesibo konpultsiboa eragiten dion buruko gaitza du Gogorzak, autolisi arrisku handiarekin. Azken urteetan hainbat aldiz ospitaleratu behar izan dute Basurtoko erietxean bere egoeraren ondorioz. 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten epaitutakoan. Frantziako Estatuko Fresnes, Villepinte, La Santé, Poissy, Bois D´Arcy, eta Espainiako Estatuko Soto del Real eta Sevilla espetxeetan izan da. Basauriko espetxean eman ditu azken urteak. Mobilizazio ugari egin dira azken urteetan larri gaixo dauden presoak etxeratzea eskatzeko. Errenteria-Oreretan ere hamaika iniziatiba egin dituzte Aitzol Gogorzaren egoera ikustarazi eta etxera ekartzea eskatzeko.
Une honetan beste euskal preso oreretarra da gaixo larrien zerrendan, Mikel Arrieta. Espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 positiboarekin du Arrietak. Algeciraseko espetxean da, Euskal Herritik 1.100 kilometrora. Gaixotasun larria, sendaezina, eta endekapenekoa da Arrietak pairatzen duena. 2000 urtean espetxeratu zuten, eta azken urteetan Algecirasko espetxean dago. Lehen graduan sailkatuta dute preso oreretarra, eta isolamenduan dute.
Sare Herritarrak positiboki baloratu du Gogorzaren baldintza aldaketa, “bere gaixotasuna behar bezala artatua izan dadin”. Gogora ekarri du halaber, larri gaixo dauden beste hogei euskal preso espetxean daudela. Horren harira, datorren igandean Osasunaren Nazioarteko Eguna dela antolatu duen Ni Zu Bi iniziatiban parte hartzera deitu du herrietan.