Maddi Tarragona zazpigarren izan da Espainiako Txapelketan
Asteburuan lehiatu da haur eta kadete mailetako iraupen piraguismoko txapelketa, Cadizen
Pasaia Kayak taldeko sei palista izan dira asteburuan Cadizen, han lehiatu delako Haur eta kadete Mailako Espainiako txapelketa, eta pozik itzuli dira etxera, han egindako lanarekin asebeteta eta taldearentzat oso esperientzia aberasgarria izan dela erabat sinetsita.
Lorpen esanguratsuena, Maddi Tarragona errenteriarrarena. Zazpigarren helmugaratu eta lehen euskal ordezkaria izan da Espainiakoan Tarragona.
Kadete mailako B kategorian Eider Irazu oiartzuarrak oso lan ona egin zuen baita ere. Top 10ean sartzeko borrokan aritu zen azkeneraino, nahiz eta azkenean 12. tokian helmugaratu.
Kategoria berean, Uxue Lopezek 28. postuan amaitu zuen, sailkapenaren lehen erdian, izaten ari den progresio onaren erakusgarri.
Laura Zunzunegik, zorterik ez
Zunzunegi pasaitarra zen Cadizen aukera gehien zituen palistetako bat, baina oso zorte txarra izan zuen, talka baten ondorioz piragua iraulita. Erorketaren ondorioz aukera guztiak galdu arren, pasaitarra, etsi ez eta piraguaren ura hustuta jarraitu egin zuen probarekin. Zailtasun asko gaindituta 29. tokian bukatu zuen proba, sailkapeneko lehen erdian.
Kadeteen lehian, Carlos Jafet eta Martin Benavidesek, sailkapen proba gainditu behar izan zuten larunbatean 3.000 metroko erlojupekoa jokatuta, eta igandean lehiatu ziren kadete A eta B kategorietan, hurrenez hurren. Benavidesek 22 postua lortu zuen oso proba txukuna eginda, eta Jaftek, aldiz, 47. postua.