Bi Max saritarako finalista da Kukai Dantza
Koreografia Onena (Sharon Fridman) eta Gizon Dantzaririk Onena (Eneko Gil) kategorietan dira finalistak errenteriarrak Erritu lanarekin.
Gorenean da Kukai Dantza. Ez da horretan zalantzarik. Bere lanak eman ditu fruituak eta ematen jarraitzen du. Espainiako Dantza Sari Nazionala, saritu eta bi urtera jaso zuen Kukai Dantzak pasa den hilabetean, baita herriaren aitortza ere. Orain berriz, Max Sarietako bi kategoriatan finalista dela jakinarazi dute. Koreografia Onena (Sharon Fridman) eta Gizon Dantzaririk Onena (Eneko Gil) kategorietan dira finalistak errenteriarrak Erritu lanarekin. Oskararekin zazpi kategorietan finalista izan zen sariketa berean 2017an. Orduan hiru sari ekarri zituzten maletan Euskal Herrira. Max Sariak maiatzaren 20an banatuko dituzte Valladoliden.