Oiartzungo EH Bilduk bere zerrenda aurkeztu du, orain arteko lanean sakontzeko
Ekitaldi politikoa egin du koalizio subiranistak. Juan Karlos Izagirre ahaldun nagusigaia eta Jon Iñarritu Gorteetarako hautagaia izan dira bertan.
Oiartzungo EH Bilduk hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin zuen atzo arratsean, bai udalerakoak, bai batzar nagusietarakoak, baita Espainiako Gorteetarakoak ere. Hasiera batean, Hipatiaren Lorategian egitekoak ziren, baina euriaren mehatxuak pleno aretora lekualdatu zuen ekitaldia. Maiana Belaunzaranen biolinaren doinuek jaso zituzten aretoa lepo bete zutenak.
Jexux Leonet alkatea izan zen hitza hartzen lehenengoa. Eguraldi nahasia aprobetxatu zuen egungo giro politiko orokorrarekin alderatzeko. Jakinarazi zuenez Juan Karlos Izagirre ahaldun nagusigaiarekin Oiartzun bisitatzen aritu zela goizean eta arratsaldean, Lintzirinen, eta Altzibar eta Karrika arteko bidegorri berrian eta Iragorriko kanposantuan, hurrenez hurren.
Azken lau urteetan herritarren parte hartzea indartu dutela aldarrikatu zuen alkateak, eta haiekin egindako elkarlanari esker egituratzen ari direla herria. “Herritarrak protagonista bihurtu ditugu”, esan zuen. Orain arte egindakoa lau urtez gehiagotan sakondu nahi dutela iragarri zuen. Eta zerrendatzen hasi zen: Lur Bizi egitasmoa, nekazariekin; Larre Plana, ganaduzaleekin; kultura eragileekin etorkizuneko kultur etxea diseinatu; Gizarte-Ongizate Sailaren bitartez bizitza duina bermatzea; zaintza mahai gainean jartzea…
Goizean Lintzirin bisitatzea ez zen ausazkoa izan. Bisitaldi horrekin, enpleguak Oiartzunen duen pisua nabarmendu nahi izan zuten. Datuetan irudikatu zuen Leonetek: 4.700 inguru oiartzuarrek egiten dute lan, eta herrian 8.000 lanpostu daude. Esan zuen enpresek bere zergak ordaindu behar dituztela, bai, baina beraiekin harremanetan egon direla, proiektuak aurrera eramateko.
Orain arte egindakoa eta datozen lau urteetan —udal gobernuan egonez gero— egin nahi dutena xehatzen jarraitu zuen: etxebizitzaren egoerari buruzko diagnosia, eta etxe dotazionalak egiteko asmoa; berdintasunak eta euskarak duten garrantzia, eta beren transbertsalitatea… Mugikortasunean egindako lanak ahaztu gabe.
Osatu duten lan taldean badira jarraitzen duten kideak, baina badira aurpegi berriak ere. “Pozgarria da jendea ilusioarekin ikustea”, gaineratu zuen kargua errepikatu nahi duenak. Beren lana 100 bat oiartzuarrek osatutako programa aurrera eramatea izango dela iragarri zuen. “Oiartzun justu eta hoberena izateko aukera hoberena EH Bildu da”, baietsi zuen.
“Ekonomia pertsonen zerbitzura”
Irati Odriozola, Ane Badiola eta Joxe Leon Kazabonek Zazpi oihal batetik kanta abestu ondoren, Izagirrek hartu zuen hitza. Oiartzun “herri eredugarria” dela esan zuen, eta plazera zela sakonago ezagutzeko aukera izatea.
Proposamenekin hasi zen Izagirre. “Ekonomia pertsonen zerbitzura jarri behar da. Sektoreen arteko oreka bilatu behar da, eta aldundira iristen bagara, mikroenpresei zein enpresa txikiei 16 milioi euroko laguntzak bideratuko ditugu”, adierazi zuen.
Parte hartzeari garrantzia emanez jarraitu zuen. Herritarren iritzia kontuan hartu behar da: “Behetik gora egin behar dira gauzak, Oiartzunen bezala. Hor daude merkataritza txikia sustatzeko plana, Mendiburu 14rena, herri programa…”. Gipuzkoako eragileekin proiektu estrategikoak aurrera eramateko 40 milioi inbertituko dituztela hitz eman zuen. Inbertsioak herrialde osoan egingo dituztela iragarri zuen, eta ez dela lehen mailako eta bigarren mailako gipuzkoarrik egongo.
Kaleetako eta instituzioetako lana uztartu behar direla aldarrikatu zuen, eta botoa ematera deitu zuen, erakundeak herriaren esku uzteko. Foru gobernua osatzeko “talde sendoa, orekatua eta esperientziaduna” dutela ziurtatu zuen, gainera.
Salaketarako tarterik hartu zuen Izagirrek: “Eskubide nazionalak ukatzen dizkigute, neurri sozialetan murrizketak egiten dituzte eta lan eskubideak zapaltzen dituzte”. Bere txanda bukatzeko, esan zuen Gipuzkoa bizitzeko toki zoragarria dela, “baina are zoragarriagoa bihurtu nahi dugu”.
“Gure botoa, erabakigarria”
Hitza hartzen azkenekoa Jon Iñarritu izan zen, musikari eta abeslariek Agure zaharra kantatu ondoren. Espainiako Diputatuen Kongresurako hautagaia da, bigarrena Gipuzkako zerrendan. Madril urrun geratu arren, han egotea garrantzitsua dela nabarmendu zuen: “Eskubide sozialak jokoan daude, eta trifachito-aren arriskua [PPk, Ciudadanosek eta Voxek osa dezaketen aliantza]. Esaten digute bakarrik oihukatzera goazela, baina ez da horrela. Gaur bertan informatiboetan atera gara, EH Bilduren botoa erabakigarria delako hainbat erabaki sozial aurrera ateratzeko”.
Apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren, balizko hiru eszenatoki irudikatu zituen: “Alde batetik, trifachito-arena; bestetik, PSOE eta Ciudadanosena; eta hirugarrenik, PSOE eta Podemos”. Hirugarren aukera horretan ERC eta EH Bilduk osatzen duten aliantza erabakigarria izango dela berretsi zuen.
Ekitaldia bukatzeko, Oiartzungo hautagaitza osatzen duten pertsonak igo ziren oholtzara, eta Iñarritu eta Izagirrerekin batera argazkia atera zuten. Ondoren, 180 graduko buelta eman, eta aretoa bete zuen publikoarekin beste argazki bat egin zuten, proiektua denen artean —zerrendetan doazenen eta ez doazenen artean— egiten dela erakusteko.