Agerraldi masiboa egingo du Sarek Gogorzaren egoera baloratzeko
Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen preso oreretarraren egoeraren gaineko balorazioa egingo du etzi Errenteria-Oreretako Sare Herritarrak agerraldi masibo batean. Gogorzaren egoeraren balorazioarekin batera, konponbidearen aldeko irakurketa egingo duela iragarri du Sarek. Hitzordua 11:30ean agin du Koldo Mitxelena Ikastetxeko jolastoki estalian, eta herritar oro deitu du bertaratzera eta agerraldi horretan parte hartzera.
Sare Herritarrak lehen balorazioa egin zuen asteartean bertan. Positibotzat jo du Gogorzaren baldintza aldaketa «bere gaixotasuna behar bezala artatua izan dadin ezinbestekoa zelako». Baldintza aldaketa hori, Oreretako herrian eginiko lanketari esker lortu dela nabarmendu du gainera, «bereziki herritarrek, eragileek eta instituzioek, Aitzolen gaixotasunaren berri izan orduko eginiko lanari esker». Erakutsitako «aktibazio» eta «konpromisoak» eman dion bultzada ezinbestekoa izan dela Aitzolen etxeratzea lortzeko erantsi du. Gogora ekarri du halaber, larri gaixo dauden beste hogei euskal preso espetxean daudela, «egoera latzean». Horren harira, etzi Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu duen Ni Zu Bi iniziatiban parte hartzera deitu ditu herritarrak.