Batelak, ligatik txapelketara

Batelen Gipuzkoako Txapelketa izango da lehian San Pedron asteburuan; Ligako emaitzak ikusita, Oarsoaldeko ontziek aukera sendoa dute garaikur asko lortzeko

Gipuzkoako Ligako emakume absolutuen podiuma. Argazia: Josu Z..

Gipuzkoako Liga bukatu ondoren, Gipuzkoako Batel Txapelketa izango da jokoan asteburuan San Pedron. Bihar, 10:30ean hasita, sailkapen estropadak egingo dituzte. Igandean, ordu berberean ekingo diete finalei. Partaideen artean, Oarsoaldeko batel asko.

Zortzi mailatan banatuko dituzte herrialdeko txapelketako txapelak. Emakumeetan nahiz gizonetan, Infantil, Kadete, Gazte eta Senior kategorietako lehiak izango dira. Denetan dituzte aukerak Oarsoaldeko ontziek podiumera igo, eta zergatik ez, bertako koskarik altuenean jartzeko.

Absolutu Mailan, emakumeetan, Illunbek, San Juanek eta Hibaikak parte hartuko dute, Donostiarrarekin eta Donostia Arraun Lagunak-ekin batera. Gizonetan, maila horretan, Hibaika eta San Juan dira ordezkaritza izango dutenak.

Gipuzkoako Liga
Herrialdeko ligako 12 estropadek emandakoa ikusita —azken biak larunbatean Errenteria-Oreretan eta igandean Donibanen egin zituzten— oparoa izan daiteke Gipuzkoako Txapelketan bertako ontziek lor dezaketen metal uzta. Izan ere, ligan jokoan zeuden zortzi kategorietatik, hirutan izan dira garaile Oarsoaldeko ontziak: Hibaika emakumeen absolutuan onena izan da, eta San Juan nesken Haur Mailan nahiz mutilen Gazte Mailan.

Nabarmentzekoa da San Juanen lana: irabazle izan ez denean, ligako bigarren edo hirugarren postuak eskuratu dituzte arraun elkarteko gainontzeko batelek, hau da, kategoria guztietan kolore arrosarekin norbait egon da Gipuzkoako Ligako podiumean.

Batelen liga eta txapelketak bukatuta, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa maiatzaren 1ean hasiko da. Sei jardunaldikoa da.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.