Bateria gutxi baina kemen handia
Servando Castello 'Low Battery Man' ezizenez ezaguna Trintxerpen egon da gaur entzefalitis mialgikoa hizpide; gaixotasunak kaltetuak inguruan izan ditu.
Valentziarra da, Servando Castello izena du eta furgoneta batekin biran ari da, Low battery man izenarekin, bere gaixotasunari buruzkoak agerian jartzeko, gaixoei ahotsa eman eta ikerketarako dirua bildu asmoz.
Entzefalitis mialgikoa du Castellok, gaixotasun nahikoa ikusezina, valentziarrak gaur Trintxerpeko Ziriza etxean egin duen agerraldian azaldu duenez, askotan medikuek ere ukatzen dutelako.
Neke kronikoa izenez ezagunagoa da entzefalitis mialgikoa, hain zuzen ere, horixe delako gaixotasunaren sintoma nagusienetakoa: “atsedenarekin sendatzen ez den nekea”. Hortik “low battery man” izena. Neke kronikoa, baina, ez da izen egokia, gaixotasuna bera baino gaixotasunaren sintoma delako.
Inguruko gaixoen babespean
Castellok berak azaldu duenez, bere aurreikuspen guztiak gainditzen ari da egiten ari den bira. Oihartzun handia lortzen ari da, eta gaixo asko aurrez aurre ezagutzeko aukera izaten ari da.
Zirizan horietako batzuk izan dira, Servando Castelloni babesa eskaintzen eta bere helburuekin bat eginez. Gaur ezagutu dute elkar, Zirizan bertan, komunikabideak aurrez aurre zituztela: Susana Tobalina donostiarra, Arantxa Rueda trintxerpetarra, eta Aner Andoaga irundarra. Istorio latzak dituzte denak komunean, inork gutxi ulertzen dielako eta diagnostiko bat lortu artean urteetako miseriak gainditu behar izan dituztelako.
Horregatik bat egin dute borroka honetan guztiek, ikusezina ikusgarri egiteko, eta beren ondorengoek bidea xamurragoa izateko.