Korrika hasi da, baina Lezora iritsi bitartean, gaur, entsalada lehiaketa
Entsalada lehiaketa egingo dute gaur arratsaldean Lezon, Korrika Kulturalaren testuinguruan. Klikapoteoa ere izango da herriko tabernetan.
Entsaladekin harreman berezia izaten ari dira aurten Oarsoaldeko Korrika batzordeak. Herriz herri entsalada lehiaketak antolatu dituzte. Lezokoa gaur da, 19:00etan hasita Saldise plazan. Lehiaketa bitartean, Klikapotea izango da, hau da, Korrikaren pintxo potea. Lehiaketa Laboreren laguntzarekin egingo dute.
Lezoko entsalada lehiaketan parte hartzeko izena gaur ere eman daiteke, Oroitzenera deituta (943 51 91 44). Osagaiak eta beharrezko lanabesak antolakuntzak jarriko ditu, baina norberak eraman ditzake ere tresnak. Epaimahaiak itxura, zaporea eta originaltasuna baloratuko ditu. Irabazlearentzat saria: Laboreren produktuen sorta.
Gogoratu, Korrikarekin loturako jarduera gehiago daudela herrian datozen egunetan. Honakoak dira:
- Hilak 11, osteguna. 18:00etan, Kultura Aretoan, Txillardegiren klika dokumentalaren emanaldia. Bertan izango da Kote Camacho zuzendaria.
- Hilak 12, ostirala. Korrika Lezora iritsiko den eguna (22:52 inguruan). Goizean, Korrika Gaztea; 15:30ean, Korrika Txikia eta ondoren txokolatada Gurutze Santuaren plazan. Ondoren, hainbat jarduera Korrika girotzeko plazan: DJa, joaldunak…; 19:30ean, afari autogestionatua plazan: edaria AEKren kontura, baina jakiak eta edalontziak eraman behar dira; 21:30ean, Tio Teronen Semeekin (batzuekin) berotze ariketa koreografiatua.