Maria Manera: «Lehen helburua zen Euskal Herriko jendea gaztelerara ez pasatzea»
Maria Manera Bassols Katalunian jaio zen, eta Oiartzunen bizi da duela bost urtetik. Intxixu-AEK euskaltegiko ikaslea da. Bosgarren ikasturtea du euskara ikasten.
Maria Manera Bassols Katalunian jaio zen, eta Oiartzunen bizi da duela bost urtetik. Intxixu-AEK euskaltegiko ikaslea da. Bosgarren ikasturtea du euskara ikasten.
Nola iritsi zinen Oiartzunera? Euskal Herrian bizi al zinen lehenago?
Donostiara iritsi ginen lehenengo, nire bikotekidearen lana zela eta. Bera ere bai kataluniarra da, eta Euskal Herrira etortzeko aukera sortu zitzaion, orain dela bost urte eta erdi. Donostian hiruzpalau hilabete bizitu ginen, eta gero zerbait txikiagoa nahi genuen. Oiartzun aurkitu genuen, eta hemen geratu ginen. Donostiatik hurbil zegoen zerbait nahi genuen, bere lanarengatik eta haurren eskolarengatik. Asko gustatu zitzaigun toki hau, eta hementxe gaude!
Eta euskaraz ikasten hasi zinen…
Argi neukan zerbait egin nahi nuela. Lehenengo urtean, ez nuen euskara ikastearekin lotutako ezer ere egin: iritsi berriak ginen, haurra ere jaio berria zen… Ezinezkoa zen ia. Bigarren urtean, lanean hasten ari nintzenean, eskola partikularrak jasotzen hasi nintzen, euskaltegi batek eskatzen dizunari ezin niolako erantzun. Hirugarren urtean bai izena eman nuela AEKn, eta hau da laugarren urtea.
Zergatik eman zenuen urratsa? Suposatzen dut katalanez hitz egiteak bultzatuko zintuela…
Euskal Herrira etortzean argi genuen familia guztiak euskaraz ikasiko genuela. Noski, batzuek beste batzuek baino azkarrago [kar-kar]. Haurrekin, lanarekin eta abarrekin, nagikeria pixka bat ematen du, baina tira, berdin du: egin nahi nuen, eta badakit egingo nuela. Ez nuen zalantzarik izan.
Nola daramazkizu ikasketak?
Ez dakit nola daramatzadan… Grina handiegia izaten dut batzuetan, esan behar dut; nahiko erraztasun handia daukat hizkuntzak ikasteko, baina asko eskatzen diot nire buruari. Horregatik esaten dut ez dakidala nola daramadan. Oraintxe bertan, ia dena ulertzeko gai naiz, baina asko kostatzen zait hitz egitea. Gustuko dut ulertzea eta nire burua ulertaraztea, eta ondorioz, frustratua sentitzen naiz euskaraz hitz egin ezin dudanean. Beraz, behar dudana baino gutxiago erabiltzen dut. Hala ere, asebeteta sentitzen naiz: nire lehenengo helburua zen Euskal Herriko jendeak gaztelerara ez aldatu behar izatea.
Beraz, belarriprest izan zara.
Hori da. Azkar joateko behar horrekin jarraitzen dut, baina nire burua zaintzen dut eta esaten diot lasai egoteko.
Integratzen lagundu al zaitu?
Bai, bai! Donostian bizi ginenean, eta hona bizitzera etorriko ginela esaten genuenean, esaten ziguten: ‘Oiartzun supereuskalduna da, oso itxiak dira’. Eta pentsatzen nuen abantaila izango zela. Paisaia guztia euskarazkoa izatea eta jendeak momentuoro euskaraz hitz egitea zerbait positiboa dela iruditzen zait.
Eta harrera egokia izan al da?
Ez da ultraerraza eta arina izan. Ez da nik espero nuen bezain azkar joan, baina uste dut herriko bizitzan parte hartzen dugula, eta orokorrean harrera ona egin digute. Egon daitezke puntu batzuk beti gehiago nahi duzula… Pazientzia eskatzen du horrek, eta alde pertsonaletik lantzea. Uste dut esfortzu bat egin dugula gure aldetik, eta trukean jaso dugula harrera on bat.
Integrazioaren adibide izan daiteke duela bi urteko Korrikan lekukoa eraman zenuela…
Oso barregarria izan da. Hau izango da nire bigarren Korrika, esan daiteke. Hona etorri nintzen urte hartan bertan egon zen, baina oso urruti harrapatu ninduen, ia ez nekien zer zen ere.
Uxua [Larretxea] zen nire irakaslea, eta ilusio izugarriarekin etorri zitzaidan, lekukoa eramateko proposamenarekin. Ez nekien zer zen, eta baiezkoa eman nuen, hargatik. Denborak aurrera egin ahala, konturatzen joan nintzen gauza oso garrantzitsua zela lekukoa eramatea, baina nik ez nuen ideiarik… Eskatzen dizute parte hartzeko, eta zu baietz esaten zoaz, ekitaldiak zuen benetako tamaina zein zen jakin gabe. Lekukoa eramaten nuen argazkiak partekatu nituen, eta jendearen erreakzioa izaten zen ni zoriontzekoa, eta ilusioduna. Orduan konturatu nintzen zein garrantzitsua zen jendearentzat.
Pixkanaka horrekin mimetizatzen joaten zara, eta gaur egun Korrikan egon nahi dut, eta beste modu batera bizi dut.
Aurten parte hartuko al duzu?
Oiartzundik pasatuko den egunean ez naiz hemen egongo. Hori bai, beste egun batean parte hartuko dut, Ipar Euskal Herrian.
Beraz, zein sentsazio uzten dizu Korrikak?
Euskal Herrian ekitaldi asko eta asko daude, Oiartzunen zehazki ere bai, eta ezagutu ditugu bertan parte hartzen joan garen heinean. Hasieran, beste ekitaldi bat bezala ikusten duzu, eta ez diozu garrantzia handirik ematen. Ekitaldi batzuek emozio bereziak sorrarazten dituzte, baita harremana duzun jende horri ere, eta hori oso polita da, emozio hori partekatzea. Gainera Korrikan, hainbeste lantzen dutela, eta hainbeste ordu sartzen dituztela.