Jaizkibel mendiaz, sakonago
Liburutegiek eta Eguzki Talde Ekologistak hitzaldia eta irteera antolatu dituzte elkarlanean.
Jaizkibel mendiaren balio ekologikoak ezagutzera eman asmoz bi jarduera antolatu dituzte aste honetarako liburutegiak eta Eguzki Talde Ekologistak.
Lehen jarduera ostegunean (hilak 11) izango da, Donibaneko Ubera bibliotekan. Aitziber Sarobe biologoak hitzaldia eskainiko du, 19:00etan.
Hitzaldia laguntzeko irteera bat ere antolatu dute, iganderako (hilak 14). Grankantora joango dira eta San Juan Harriko geoformak bertatik bertara ikusteko aukera izango da. 8 urtetik gorako pertsonek parte har dezakete, eta interesdunentzat bi zita luzatu dituzte: 09:30ean Donibaneko bibliotekan edota 10:30ean, Jaizkibelgo Kabitte kantinatik.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, bi orduko irteera izango da, eta ibilbidean zehar, Jaizkibel mendiaren ondarea ez ezik, egungo problematika ezagutzeko aukera egongo da.
Mitxintxola inguratu eta Bonazaitzan hartuko dute kostaldeko bidea, erreka gurutzatuta Grankanto eta San Juan Harri harkaitzak ikusi ahal izateko adituen laguntzaz.
“Ibilaldi honen helbururik nagusienetako bat da Jaizkibel aurreko itsas-eremua babesteak izango lukeen garrantziaz ohartaraztea”, jakinarazi dute antolatzaileek. Gaur egun lur eremua baino ez dago babestua Jaizkibelen etaekologisten ustez itss eremua babestea funtsezkoa da “espezieen aberastasuna eta biodibertsitatea bermatzeko”, adituen iritziz, “munduan bakarra” delako Jaizkibelen itsasertza.