Keinuak, bizitzak salbatzeko
10301 Elkartasun Keinu egitasmoa martxan da Oiartzunen. Errefuxiatuekin lan egiten duten bi erakunde laguntzeko proiektua da, baina batez ere, sentsibilizatzeko.
Azken asteetan ugaritu egin dira Oiartzungo kaleetan zifra bat adierazten duten margoketak: 10301. Elkartasuna hauspo duen proiektuaren izena da, Elkartasun Keinu abizena gehituta. Errefuxiatuekin lanean dabiltzan Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Zaporeak erakundeak laguntzeko helburua du proiektuak, baina batez ere, errefuxiatuen gaiari buruz sentsibilizatzekoa.
Saltsa horretan sartuta dabil Nekane Martiarena. Hark azaldu du zein izan zen 10301 Elkartasun Keinu martxan jartzeko momentua: «Abenduaren 22an 24 milia dokumentala estreinatu zuten Donostiako Aquariumean, eta egileak gonbidatu ninduen ikustera. Familiarekin batera joan nintzen, eta oso hunkituta bueltatu nintzen. Lankideei trailerra erakutsi nien, eta beraiek ere hunkituta ikusi zuten». Maydayterraneo proiektuak egin zuen lehen salbamendu lana kontatzen du dokumentalak. Orduan elkarri galdetu zioten ea zergatik ez zuten zerbait abiarazten. Oiartzunen ere badirela kanpotik etorritakoak, eta haiei urtero harrera ekitaldia antolatzen dietela bazekiten. Horrek aurrera egiteko are indar handiagoa eman zien.
Abaraxka ludotekako hiru langileak hasi ziren mugitzen, eta Endika Loiolarekin harremanetan jarri ziren. Irungo Harrera Sarekoek arropa biltzeko deialdia egin zutenean herrian mugitu zuena izan zen oiartzuarra. Herriko beste gazte bat —Alain Mendizabal— ere bai sartu zen talde eragile horretan. Ez dute denbora handiegirik izan kanpaina diseinatzeko. «Bero-beroan egin nahi genituen gauzak. Uzten badituzu, agian hoztu egiten zara. Azkar egin nahi nuen. Oiartzunen data bat bilatzen hasi ginen, eta beti dago zerbait. Apirilean, Korrikaz gain, gauza gutxi zegoen herrian».
Bost pertsona gutxi izan daitezke dimentsio handiko lan bat aurrera eramateko. Horregatik, hainbat adin tarteko herritarren inplikazioa bilatu dutela adierazi du Martiarenak. «Adibidez», esan du, «10301en logoa 16 urteko neska batek diseinatu du. Berari eskatu genion diseinatzea, apropos, pentsatuz bere inguruko jendea inplikatuko zuela modu horretara». Kartela 20 eta luzeko neska batek diseinatu du, eta bazkariko tiketak, berriz, Dixiduko Eneko Salaberriak. Jon Martinengana ere jo dute, kanta tradizional bat moldatu eta gaiari buruz hitz egiten baitu.
10301koak ez dira mugitu diren bakarrak izan. Haiengana ere hurbildu dira: «Olarrikoak etorri zaizkigu, eta dantza bat egingo dute. Elizbarrutiko jendea ere hurbildu da gugana, egitasmoaren berri izan dutenean». Urtero diru bilketak egiten dituzte, eta proiektu solidario bati bideratzen dizkiote. Diru bilketa bat kanpoko GKE batentzako izan ohi da, eta bestea, Euskal Herriko batentzako. Bigarren kasuan, proiektua aukeratzeko orduan ez dute urrutira begiratu behar izan: 10301 Elkartasun Keinu egitasmoari emango dizkiote sosak.
Haurtzaro Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek ere bat egin dute proiektuarekin. «EKI proiektuaren barruan, bigarren eskuko azoka bat egiten dute, eta GKE bati ematen diote dirua. Batu egingo dira. Zituztenak baino ardura gehiago hartzen ari dira haur horiek; adibidez, Haurtzaro Ikastolan egiten ari diren janari bilketaren ardura beraiek eramaten ari dira», adierazi du Martiarenak.
10.301… euro
Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Zaporeak laguntzea aukeratzea modu naturalean egin zuten. Euskal Herrikoak dira, eta biekin harremanetan jartzea ez zaie zaila egin. Hilabete berean dirua zein elikagaiak biltzea pentsatu zuten: «Alde batetik, janari bilketa egingo dugu; ez digu hainbeste suposatzen antolatzea. Eta bestetik, sentsibilizazio kanpaina, eta dirua biltzea. Mediterraneoan errefuxiatuak salbatzea helburu duen Aita Mari ontziak matxura txikiren bat baldin badauka, dirutza balio du hori konpontzeak».
Orduan, pentsatu zuten oiartzuar adina diru jaso behar zutela. Udalera joan ziren momentuan, erroldan zenbat jende bizi zen galdetzera, eta, kasualitateak nahi izan zuen zenbaki kapikua bat izatea. «Oiartzun herri solidarioa izanik», ziurtatu du Martiarenak, «ez zaigu asko kostatuko diru kopuru hori jasotzea».
Kopurua bera sinbolikoa dela nabarmendu du, baina diru kantitate horretara iristea baino nahiago dutela oiartzuarrak sentsibilizatzea. «Nahiago nuke 10.301 pertsona kontzientziatzea eta diru pixka bat gutxiago ateratzea. Jende batek eskatu digu kontu korrontearen zenbakia. Itsas Salbamendu Humanitarioaren kontu korrontea da, eta eskatzen dugu kontzeptuan ‘Oiartzun’ jartzeko, horrela jakin dezakegulako zenbat diru ematen duten oiartzuarrek». Kontu korronte zenbakia honakoa da: ES 92 3035 0235 22 2350038982.
Ekonomikoki lagundu nahi duenarentzat ez da beharrezkoa banketxera joatea, herriko hainbat txokotan eltzetxoak jarri dituztelako. Horrez gain, kamisetak eta izerditakoak salduko dituzte, iniziatibaren logoarekin.
Janari bilketari dagokionez, hiruhilabetekoa bukatzearekin bukatuko da elikagaiak biltzeko epea. Oiartzungo hezkuntza zentro guztietan —eta Oiartzon— egiten ari dira janari bilketa horiek. Ikastetxeetara bakarrik ez zuten mugatu nahi, eta horregatik, astelehenean eta asteartean Kataxulo Gaztetxian izango dira, edozein herritarrek hurbildu nahi badu. 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango dira bertan.
Ez zuten Korrikaren etorrerarekin bat egin nahi, eta horregatik utzi dute datorren asterako. Hori bai, atzo hainbat migratzailerekin solasaldia egin zuten, data ezin zutelako aldatu.
Ekitaldi nagusia
Hilabete pasatxo iraungo duen kanpaina bukatzeko, ekitaldi nagusia egingo dute maiatzaren 4an. Herriko elkarteengana jo dute, eta beraiekin landu dute egun horretako festa handia. Goizean lasterketa egingo dute, eta Intxixu Trailekoekin jarri dira harremanetan. Izen-ematearen truke dirutan ekarpena egitea nahi dute.
«Ondoren, bazkari bat egin nahi dugu, Elorsoro kiroldegian. Paella jatea antolatuko dugu —bat oilaskoarekin eta bestea beganoa—, eta familia giro bat sortu. Paellak egiten dituen pertsona batekin hitz egin dugu, eta bera ere gaiarekin oso sentsibilizatua dago. Prezioarekin-eta oso ongi portatu da», esan du Martiarenak.
Arratsaldean, hainbat oiartzuarren eskutik, dantzak, kantak eta abar eskainiko dituzte. Bukatzeko, gauean parranda egingo dute Kataxulon. «Arratsalde-pasa familiar bat izango da. Ondoren, gauean, beste mota bateko parranda batekin bukatuko dute… Nahi genuena zen familia giroko parranda bat sustatu. Afari bat antola genezake, baina nahiago genuen denak joan daitezkeen zerbait prestatzea».
Txartelak hamar euroan salduko dituzte, ahalik eta jende gehiena joan dadin. Hortik hiru euro bideratuko dituzte eltzetxo kolektibora. Edariak etxetik eramateko aukera egongo da. Eramaten ez dutenentzako taberna txikia jarriko dute, baina aukeran jarri nahi izan dute prezioa gehiegi ez puzteko.
Dirua lortzea «bikaina» dela berretsi du Martiarenak. «Baina sentsibilizatzea guretzako hobea da. Ikusi nahi dugu zergatik egiten duten ihes beraien herrialdeetatik, Europak zergatik ez dien sartzen uzten, itsasontziek zergatik ezin duten lanik egin… Enpatia sortu nahi dugu». Baietz 10.301 euroen kopurua motz geratu?
Bideo emanaldiak, arazoarekin enpatizatzeko
10301 Elkartasun Keinu pasa den astean hasi zen ekitaldiekin. Lehenengoa Refugiados dokumentalaren emanaldia izan zen, hilaren 3an. Nora Velez del Burgo iniziatibako kideak azaldu zuenez, 10301 Elkartasun Keinu bere testuinguruan kokatzeko baliagarria da dokumentala. Greziako errefuxiatuen eremuetan bizi zena grabatu zuten 2016an.
Pasa den larunbatean, berriz, egitasmoa sortu zuen txinpartaren dokumentalaren txanda izan zen. 24 milia dokumentala eskaini zuten bibliotekako beheko solairuan. Maydayterraneo proiektuko kideek 2017an egin zuten lehenengo erreskatearen berri ematen du dokumental horrek. Larunbat arratsaldea izanik, jende dezente hurbildu zen Oiartzungo liburutegira.
Ondoren, proiektuko kide Iñigo Gutierrezekin solasean aritzeko aukera izan zuten bertaratukoek, luze eta zabal. Mundua koloretsua eta anitza dela esan zuen, eta hori dela etorkizuna. Europara joan nahi dutenak ez direla bere gogoz joaten nabarmendu zuen, eta itsasoan ez salbatzea hilketak egitea dela. «Iristea lortzen duen itsasontzi bakoitzeko hamar bidean geratzen da», gaineratu zuen Gutierrezek.
Gainera, nabarmendu zuen ez dela egia lana kentzera datozenik, europarrek egin nahi ez dituzten lanak egiten dituztelako. «Etortzen diren asko oso prestatuta daude, askok lauzpabost hizkuntza hitz egiten dituztelako», zehaztu zuen. «Hemen egin nahi ez ditugun lanak egiten dituzte haiek: itsasoan arrantza egin, gure aiton-amonak zaindu…».
Gutierrezek berak, bere Facebookeko profiletik, Oiartzunen sortutako egitasmoa txalotu zuen. Izan ere, gogoan iltzatuko zaion arratsaldea pasa zuela jakinarazi zuen. Lehenik eta behin, Abaraxkara hurbildu zen. Izan ere, Oiartzungo Udalak eta ludotekak elkarlanean antolatzen duten Oiartzunera etorri berriei harrera ekitaldia ezagutzeko parada izan zuen.
Ibargaineko flautistak hurbildu ziren Abaraxkara, musika pixka bat eskaintzera. Ondoren, ludotekan duten mapamundian bakoitzak bere jatorrizko herrialdea adierazi zuen. Horrez gain, udaleko ordezkariek jaso ditzaketen zerbitzuen berri eman zieten, modu laburrean, eta etorri berriei eskainitako bideoa erakutsi. Euskarak Oiartzunen duen garrantzia ere nabarmendu nahi izan zuten. Harrera saioa bukatzeko, askari bat egin zuten, eta izan zen bere herrialdeko mokadurik eraman zuenik. Saioa udalak antolatu zuen arren, 10301 proiektua ez zuten ahaztu.
Horrez gain, azoka solidarioa egin zuten Haurtzaro Ikastolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek. Materiala saldu zuten liburutegiaren kanpoaldean, egitasmoak lortu nahi dituen 10.301 euroen langa gero eta hurbilago uzteko. Haiek egindako produktuak —giltzetakoak, txapak…— edo krispetak saltzen aritu ziren. Eltzetxoak ere jarri zituzten, eta errifak saltzen aritu ziren. Horrez gain, triptikoak banatu zituzten plazaren bueltan, 10301 Elkartasun Keinu zer den azaltzeko.
Egitaraua
Hilak 24, asteazkena
- Munduko jolasak. 17:00etan, Abaraxka ludotekan.
Hilak 25, osteguna
- Zuk dokumentalaren emanaldia. 19:00etan, pleno aretoan.
Hilak 30, asteartea
- Truk txapelketa solidarioa. 22:00etan, gaztetxean.
Maiatzak 1, asteazkena
- Endika Loiolaren diskoaren aurkezpena. 18:30ean, gaztetxean.
Maiatzak 4, larunbata
- Azoka solidarioa: goizez plazan, eta arratsaldez frontoian.
- Lasterketa, 11:00etan.
- 14:00etan: bazkari solidarioa eta bazkaloste musikatua. 14:00etan, Elorsoron. Txartelak salgai Sorgin, Kastro eta Kabitxon.
- 23:00etan: festaren jarraipena, gaztetxean.