Gure Zirkuak Oiartzunen hasiko du bigarren denboraldia
Euskarazko lehenengo zirkuak 11 emanaldi emango ditu Oiartzunen, maiatzaren 3tik 12ra bitartean. Sarrerak astelehenean jarriko dituzte salgai.
Gure Zirkuak bigarren denboraldia hasiko du. Iker Galartzak zuzendutako taldearena da euskarazko lehen zirkua, eta lehenengo denboraldian arrakasta izugarria izan zuten. Oraingo denboraldia, udalaren laguntzarekin, Oiartzunen hasiko dute.
Sei egunetan —maiatzeko lehenengo bi asteburutan— 11 emanaldi egingo ditu zirkuak herrian. Ormazabal-eneko aparkalekuan —Elizalde auzoko Elorrondo kalean— jarriko dute karpa. Zirkuak ekartzen duen alaitasunarentzako txokoa izango da parkina, bi astez, eta ezingo da ibilgailurik utzi.
Sarrerak astelehenetik (hilak 15) salgai egongo dira Interneten, 12 euroren truke. Hilaren 29tik aurrera berriz, zirkuko txarteldegian ere izango da sarrerak erosteko aukera.
- Maiatzak 3, ostirala: 18:00etan eta 20:30ean.
- Maiatzak 4, larunbata: 17:00etan eta 19:30ean.
- Maiatzak 5, igandea: 17:00etan eta 19:30ean.
- Maiatzak 10, ostirala: 18:00etan eta 20:30ean.
- Maiatzak 11, larunbata: 17:00etan eta 19:30ean.
- Maiatzak 12, igandea: 12:00etan.