Zazpi hautagaitza Pasaian udal hauteskundeetarako
Ciudadanosek (Cs) zerrenda aurkeztu du lehenbizikoz
Zazpi hautagaitza aurkeztu dira Pasaian udal hauteskundeetarako, eta tartean dira, aurrez iragarritakoak -PSE-EE, EAJ, EH Bildu, Ezker Anitza eta Podemos-EQUO Berdeak- eta gaur baieztatutako beste bi: PPrena eta Ciudadanosena. PPk zerrenda aurkeztu izan du Pasaian orain baino lehen eta baita ordezkaritza lortu ere. Ciudadanosentzat, ordea, lehen aldia da. Zurrumurrua zebilen, eta bestelako iragarpenik ezean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak baieztatu du berria, gaur argitaratu dituelako udal hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaitza guztiak herriz herri.
Hautagaitza batzuetako zerrendaburuak ezagunak ziren aurrez publikoki aurkeztu dituztelako – Izaskun Gomez (PSE-EE); Nahikari Otermin (EAJ), Junkal Mintegia (EH Bildu); Julen Rodriguez (Podemos, EQUO-Berdeak) eta Arantza Gonzalez (Ezker Anitza), eta gaur jakin ahal izan denez, Cristina Garcia Salinas izango da PPren alkategaia Pasaian, eta Ruben Campo Canosa Ciudadanosena.
Argitu da ere EAJren zerrenda. Jeltzaleek ez dute publikoki aurkeztu oraindik, baina gaur jakin denez aurpegi berri asko daude zerrendaren goialdean. Alkategaia laguntzen egungo gobernuko kide bakarra ageri da: seigarren postuan Aitor Iturbe Otaegi, egungo Ogasun zinegotzia. Haren aurretik, Otermin buru dela eta hurrenez hurren, Loreto Osa Ocon, Jon Ander Ezeiza Prieto, Jose Juan Zubillaga Gutierrez, eta Koldo Perez Dominguez.
2015eko udal hauteskundeen emaitzak Pasaian