Nerea Abancens: «11 urte hauetan familia baten parte sentitu naiz»
Denboraldi honetan Oiartzun Kirol Elkarteko kapitaina izan denak besokoa utziko du. Igandean jokatu zuen azkeneko partida elastiko urdinarekin, 11 denboraldiren ondoren.
Nerea Abancens Calvok Napo-k (Pasaia, 1987) ez du gehiago Oiartzunen elastiko urdina jantziko, 11 denboraldiren ondoren. Oraindik, konpromisoagatik, entrenatzen jarraituko du taldekideekin, eta ziurtatu etorkizunean futbolarekin lotutako zerbait egingo duela.
Pasa den igandean jokatu zenuen Oiartzun Kirol Elkartearekin azkeneko partida, Gasteizen. Bereziagoa izan zen, hala ere, azkenaurrenekoa, Karla Lekuonan jokatutako azkena: partida ez irabazi arren, gol bat sartu zenuen, omendu zintuzten… Zer sentsazio izan zenituen Ugaldetxon?
Aurreko bi asteak oso-oso urduri pasatu nituen, banekielako zer zetorren. Agurra zen, azkeneko partida Ugaldetxon, eta ez nuen iristea nahi. Nire etxea da, eta asko bizi izan dut hor.
Partida hasita, joko aldetik nahiko txarra izan zen, baina emozio dosi handiak izan zituen. Ikusi nuen jende asko gerturatu zela, nire lagunek eta senideek kamisetak zeramatzatela… Partida pixka bat urduri pasatu nuen, baina gola sartu nuen. Amonari eskaini nahi nion gola, Lehenengo Mailara igo ginen garai hartan hil zelako. Oso barrutik sentitu nuen hori.
Bukatzean, futbol ibilbidea partekatu ditudanak hor ikustea, lagunak, familia… Oso hunkigarria izan zen. Taldekideen gurasoak ere bertan zeuden… Oiartzun taldearen familia guztia bertan egotea, niri agurra egiteko, pasada bat izan zen eta oso emozionagarria.
Zergatik erabaki duzu Oiartzun KE uztea? Noiztik zenuen pentsatuta?
Ez da erabaki erraza izan. Erabakia hartuta daukat, baina barruak ez du hori oraindik guztiz sentitzen, jarraitzen baitut disfrutatzen futbolean. Azkeneko bi urtean, taldekide izandakoek taldea utzi dute. Kirol arloan zein maila pertsonalean hutsune horiek sufritu ditut nik. Hainbeste urteren ondoren, umezurtz bezala sentitu naiz. Aurten belaunaldi aldaketa eman da, trantsizio garaian dago kluba, eta denentzat urte zaila izan da, bereziki jokalari eta entrenatzaileentzat. Plantilla motza eduki dugu, eta jokalari gazteak izan ditugu. Emaitzen aldetik zaila izan da, baina gutxi entrenatu gara, eta gazte asko daude. Nahiz eta beraiekin oso gustura egon, ez da lehen neukan zera hori. Hala ere, gaur bertan bihar partida daukadala amestu dut…
Erreferente izan zaretenak uzten ari zarete. Oiartzun berri bat sortu dela esan daiteke?
Urteak aurrera doaz denentzat. Orain dela bi urte Lolok [Alazne Inziartek] utzi zuen; iaz Anne Mugarzak; Alazne Bengoetxea, Evelyn Santos, Esti Bajo… Klubean urte asko egon dira. Hutsune handia utzi dute.
Buelta ematea zaila da, baina beno, duela hamar urte trantsizio egoera bat egon zen, eta klubak buelta eman zion. Sinesten dut oraingoan ere egingo dutela. Geratu garen jokalariak gutxi gara, baina uste dut piña egin dugula, eta urteekin buelta emango diotela uste dut, nahiz eta zailagoa izan. Ekonomikoki lehiatzea zaila da, baina Oiartzunek historia eta ibilbide luzeak ditu.
«Nahiz eta taldekideekin gustura egon, ez dut lehen nuen zera hori»
Zuk zeuk 11 denboraldi eman dituzu taldean. Hamaika momentu bizitu dituzu. Zeintzuk izan dira onenak eta okerrenak?
Futbola modu profesionalean bizi izan dut, modu intentsoan bizitzen dudalako eta asko entrenatzen naizelako. Lurralde Mailan hasi nintzen, Grosekon, Añorgan eta Hernanin. Hernanitik etorri nintzen hona. Plantilla hartan zeuden Mugarza eta Lolo; Realetik etorritako Inexa Maritxalar, Olaziregi… Beste dimentsio bateko jokalariak ziren niretzako, eta beraiekin lehenengo urte hura jokatzea amets bat betetzea izan zen. ‘Begira norekin ari naizen entrenatzen!’, esaten nion nire buruari. Iritsi eta Bigarren Mailako liga irabaztea eta igoera fasea jokatzea… Daukadan urterik berezienetako bat da. Horri gehituko nioke, noski, Lehenengo Mailara igo aurreko denboraldi hori: kristoren piña egin genuen, Lehenengo Mailara igo ginen eta hor mantentzea pasada bat izan zen. Ez nuen inoiz espero izan Real baten, Athletic baten edo Barça baten kontra jokatzea, ez nuen nire burua maila horretan ikusten. Berezia eta hunkigarria izan zen.
Alde txarrei dagokienez, kirol mailan, jaitsiera urtea izan zen. Urte osoa, orokorrean, baina baita jaitsi ginen egun hura ere bai. Ikusten zenuen Oiartzunek amets horri agur esan behar ziola. Modu pertsonalean, ikusi dut taldekide eta lagun askok lesioak izan dituztela, eta asko sufritu dutela. Min hartzearen momentu horiek okerrenak izan dira, baita taldekideek futbola utzi behar izan dutenean, erabaki pertsonalengatik edo lesionatuta egon direlako izan da.
Oiartzunek —orain arte— Lehen Mailan jokatu zuen azkeneko partidan ezin izan zenuen parte hartu, min hartuta zinela eta. Pena eman al zizun?
Aurreko partidan haustura txiki bat izan nuen, eta fisioterapeutarekin eman behar izan nuen aste hura. Azkenean deialdian sartu nintzen, eta aulkian egotea lorpen txiki bat izan zen. Partidak eskatzen zuen intentsitaterako ez nengoen jokatzeko moduan, eta, normala den bezala, ez nuen jokatu. Zaila izan zen; taldea zein partida hura bera hainbeste sentituta, ezin izan nuelako zelaira atera eta ekarpena egin.
«Oiartzun KE beti ezberdindu da bere izaeragatik; talde oso borrokalaria izan da»
Hilaren 13ko partidan ez zenuen arantza hori kendu?
Aurreko astean, nolabait, kendu nuen, modu oso polit batean esan bainuen agur, nire jendeaz inguratuta. Niretzako omenaldi bat izan zen, eta asko eskertzen dut. Apuroa eta lotsa sentitu nuen protagonista izateagatik. Oso eskertua nago egin zidaten guztiagatik. Baina Lehen Mailako arantza hori hor geldituko da.
Askotan entzun da Oiartzun familia bat dela. Zuretzako zer da klub hori?
Beti ezberdindu izan da bere izaeragatik. Talde oso borrokalaria izan da, nahiz eta teknikoki jokalari oso onak egon diren —nire burua ez dut multzo horretan sartzen [kar-kar]—. Aldagela oso gertukoa izan da, kluba oso familiarra izan da, beti azken minutura arte borrokatu dena.
1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Añorga eta Oiartzun izan ziren aitzindari eta erreferenteak, ligak irabazten eta. Gaur egun, bi klub horiek gehiago dira harrobiko taldeak Lehen Mailako taldeentzat. Gizonezkoen talde indartsuak dituzten klub horiekin, bai azpiegiturei dagokienez bai diru aldetik, Añorga eta Oiartzunek ezin dute lehiatu. Baina ez da ahaztu behar beraiei esker gaur egun emakumeen futbola dagoen tokian egotea.
11 urte hauetan ni familia baten parte bezala sentitu naiz, eta harmailak beti beteta egon dira, nahiz eta Bigarren Mailan egon. Bidaietara ere bai jende asko etorri da, guri babesa ematera. Hori ezin da diruarekin ordaindu.
«Modu batean edo bestean, jarraituko dut futbolean»
Gizonen talde handiak dituzten klubak indarra hartzen ari dira, eta badirudi beraiek ari direla ‘eskola zaharreko’ klub horien tokia hartzen. Nola ikusten duzu egoera? Onerako ala txarrerako al da? Duela bi urte salatu zenuen profesionalak bakarrik paperean zinetela, baina ez kontu korrontean…
Profesionalak betebeharretan, baina gero sarietan ez genuen ezer ere irabazten. Niri diruak ez dit baldintzatuko futbol zelai batean gehiago ala gutxiago ematea. Orduan, bizi nuen 5.000 euro irabaziko banitu bezala; nire sakrifizioa %100 izan da.
Azkenean, klubetan aldaketa batzuk eman dira. Gizonen taldea Lehen edo Bigarren Mailan dituztenak ari dira indartsu bihurtzen. Hor daude Eibar, Osasuna, Alaves… beste baliabide batzuk dituzte, eta osatzen ari diren plantillak beste maila batzuetakoak dira, beste gauza batzuk eskain ditzaketelako. Gaur egun Oiartzunek ezin ditu horiek eman. Bere garaian, Realetik Oiartzunera etortzen ziren horiek hainbat arrazoiengatik egiten zuten, eta pasada bat zen gugana etortzea. Guk eskaintzen genien giro polita, aldagela potente bat eta ezer gehiago ez.
«Ekainera arte entrenatuko naiz, konpromisoa sentitzen dudalako»
Talde berri horiek badaukate eskaintzeko zer edo zer. Oiartzun eta horrelako taldeak beste rol batean geratu dira, onartu beharrekoa. Profesionaltasunak, dirua daukaten horiek, bai ematen ari direla bultzada bat emakumeen futbolari, baina klub txikiek txikitasun horretan gelditu beharko dute. Pena da beraientzat.
Erromantizismotik ezin da bizi…
Gutxik sinisten dugu erromantizismoan, eta futbolean kutsu gutxi geratzen da.
Zu irakaslea zara ogibidez. Lana bukatu ondoren entrenatu behar izaten duzue. Erromantizismoa ez dakit, baina fedea eta gogoa eduki behar da hori egiteko, ezta?
Edo asko bizitzen duzu, edo zaila da. Ikusi izan ditut beste taldekide batzuk lehenago utzi behar izan dutela. Bigarren Mailan eramangarriagoa izan ohi da, baina Lehen Mailan gogorragoa. Ia egunero entrenatu behar izaten ginen, astean lau egunetan, beste talde indartsuagoen kontra aritzeko; norberak bere ingurukoekin egoteko denbora behar du… Azkenean, denbora gutxiegi geratzen zen atseden hartzeko, eta lehiatzeko ere atsedena hartuta joan behar duzu. Neke hori sumatzen da.
Gutxitan irabazten genuen, gainera, eta irabazten genuen bakoitzean parranda egiten genuen, ospatzeko. Orduan, denbora oso gutxi eskaini izan diogu atsedenaldiari. Beraz, iristen zen momentu bat noiz udara behar moduan hartzen genuela. Nik zortea daukat, irakaslea naizelako eta udan bi hilabete opor ditugulako. Baina futbolean, uztailean entrenatzen hasten ginenez, hiru asteko oporraldiak ziren, eta hemendik urruti joan izan naiz, guztiz deskonektatzeko eta gero indartsu hasteko. Bestela, uztailetik ekainera arte, urtero-urtero, luze egiten da.
Arrastoa utzi edo faktura pasa al dizu horrek?
Bai, bai. Gauzak modu oso intentsoan bizitzen ditut nik: entrenamendu asko, taldea, lana (etxean zuzendu behar izatea eta hori guztia)… Orduan, beti iristen naiz ekainera pila gastatuekin. Baina beno, lanean eta futbolean gustura aritzen naiz… Amonak esaten zuen bezala: ‘Gustuko tokian, aldaparik ez’.
Eta hemendik aurrera zer? Futbolean, modu batera edo bestera, jarraituko al duzu?
Futbolari lotuta bai, ziurrenik, barruak hori eskatzen didalako. Taldea lagundu edo areto futbolera pasako naizen ez dakit… Egia esan, jarraitzen dut futbolean disfrutatzen, eta jarraitzen dut ilusio horrekin.
Aurtengo egoeragatik erabaki dut uztea, eta pena ematen dit horrela utzi beharrak, baina modu batera edo bestera —jokaten, harmailetan edo beste— gustatuko litzaidake futbolarekin disfrutatzen jarraitzea.
«Futbola bizitu dut 5.000 euro irabaziko banitu bezala; %100 izan da sakrifizioa»
Ez duzu hutsunea sentituko?
Baietz uste dut. Ia hogei urte dira arratsaldeak horri eskainita. Denbora gehiago izango dut nire gauzetarako, baina nik futbola asko bizitzen dut. Nahiz eta nik hemendik ekainera bitartean partidarik ez jokatu, taldekideek kopa jokatuko dute, eta entrenamenduetara joaten jarraituko dut, konpromisoa sentitzen dudalako, eta oraindik jokalari sentitzen naizelako. Hortik aurrera, ikusiko dugu.
Lau taldetatik pasatu zara, eta jende pila bat ezagutuko zenuen bidean. Zein arrasto uzten dizute?
Oso eskertua nago. Lehenengo taldea beti da ikastolakoa, eta ni Jesuitetan hasi nintzen. Ondoren, Grosekora pasatu nintzen, eta han hiruzpalau urte egin nituen. Kirol mailan, egia esan, ez ginen oso onak, eta Erregionalean aritzen ginen. Lehenengo pausoak han eman nituen, eta beti egongo naiz eskertuta. Jende asko ezagutu nuen, eta nigatik borrokatu zuten.
Ondoren, kalitate aldetik, jauzi bat eman nuen eta Añorgara joan nintzen. Han izan zen, lehenengo aldiz, futbola beste modu batera bizi izan nuela. Asko disfrutatu nuen lehenengo urtean, eta ondoren jokalariak joan ziren Añorgatik Hernanira, gure entrenatzaile zenarekin [Jon Zabaletarekin]. Hurrengo urtean han egon nahi nuen, eta Añorga utzi nuen. Zabaletak nire izena proposatu zion Oiartzuni, eta hori asko eskertzen dut.
Oiartzunen eman ditut urterik onenak eta oparotsuenak. Lau taldeekin oso eskertuta nago, bereziki Oiartzunekin, 11 urte pasa ditudalako. Eduki ditudan entrenatzaile guztiei eta taldekide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Beti nigan konfiantza izan dute, eta ia-ia dena jokatu ahal izan dut. Gainera, errespetua adierazi didate. Lortu dudana lortu dut beraiei esker.