Aizpea Otaegi: "Jasotako emaitzak hauspoa eta bultzada dira EH Bildurentzat"
EH Bilduk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Errenteria-Oreretan jaso zuen emaitzaren gaineko balorazioa egin du gaur. Partaidetzak gora egin izana baikor baloratu du koalizio subiranistak, baita EH Bilduk jasotako babesa %43 handitu dela nabarmendu ere.
EH Bilduk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Errenteria-Oreretan jaso zuen emaitzaren gaineko balorazioa egin du gaur. Aizpea Otaegi alkatetzarako hautagaia mintzatu da, eta ondoan izan ditu Itziar Ostolaza eta Bernar Lemos EH Bilduren zinegotziak egun, baina hautagai berriaren zerrendako kide ere badirenak.
Partaidetza datuari erreparatu dio Otegik, eta nabarmendu “oso ona” izan zela “herritarren %72ak bozkatu zuen eta datu hori oso garrantzitsua da, zazpi puntu altuagoa aurreko 2016ko hauteskundeekiko, eta horrek esan nahi du mobilizatu egin garela, aktibatu egin garela eta hori pozgarria da beti, herria sozialki zein politikoki bizirik dagoenaren adierazgarri”.
Lortutako emaitzekin ere “pozik” azaldu da koalizio subiranistaren hautagaia are gehiago kontuan hartuta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan sortutako testuingurua: “Gure datuetara etorrita 2016ko hauteskundeekiko %43 hazi da EH Bilduk herrian jasotako babesa, horrek esan nahi du 4.600 bototik gora lortu ditugula eta horietatik gainera, ia 1.400 gehiago izan dira 2016an baino”.
Gipuzkoan babes handia jaso badu ere, Errenteria-Oreretan jasotakoa handiagoa izan dela nabarmendu du bestalde Otaegik, “%43 hazi da Errenteria-Oreretan EH Bilduren aldeko babesa, Gipuzkoan %38 hazi den bitartean. Auzo guztietan, gainera, izan du hazkundea EH Bilduk eta hori ere oso pozgarria izan da”.
Espainiako kongresurako eta senaturako hauteskundeak EH Bildurentzat ez direla errazak esan du zerrendaburuak, baina hala ere, emaitzei erreparatuta koalizio subiranistaren mezuak herritarrentzat zentzua izan duen zalantzarik ez duela, “eraginkorra izan da EH Bilduk aukeratu duen modua nahiz eta jakin boto erabilgarriaren mezuak beste alderdi batzuei ere mesede egin diela hauteskunde horietan”.
Balorazioa, beraz, ona, eta maiatzaren 26ko hauteskundeei begira igandean jasotako emaitzak hauspoa eta bultzada gisa ikusten ditu EH Bilduk. Datozen udal hauteskundeetan lehen indarra izan nahi dutela gaineratu du Otaegik, “azken urteetan EH Bilduk abiatutako aldaketak jarraipena izan dezan”. Aldaketa horretan sakontzen jarraitu nahi dute, eta eremu berrietara eraman: “Aurreko bi udal hauteskundeetan gertatu den bezala konfiantza osoa dugu Espainiako hauteskundeetan beste hautu bat egin duten hainbat eta hainbat herritarrek EH Bilduri emango diotela babesa eta diogun honen isla oso nabarmena da, hauteskunde hauetan ere badauzkagulako hori berresten duten datuak: Herritarrek zita bakoitzean ondo aukeratzen dute, kontzienteki zer babestu nahi duten, eta horren isla bada ere Espainiako Senaturako kongresurako baino 400 boto gehiago jaso dituela EH Bilduk hauteskunde hauetan”.
EH Bilduk gobernatzea aldaketa ekarri diola Errenteria-Oreretari nabarmendu du, gainera, “horren jakitun dira herritarrak, aldaketa horretan jarraitu eta sakontzeko herritarrek badakite boto guztiak esanguratsu eta garrantzitsuak izango direla. Lantalde indartsua osatu dugu bide horretan jarraitzeko, proiektu sendoak ditugu gure udal programan”.
Eskerrak eman dizkie Otaegik igandean hauteslekutara botoa ematera hurbildu ziren herritar guztiei, eta bereziki EH Bildu babestu zutenei, “datozen udal hauteskundeetan asko dugu jokoan eta herritarrak deitzen ditugu partaidetza altua izateko”.
Astelehenean (hilak 6) herri batzarra izango dutela gogorarazi du, azkenik. Bilgunean 19:00etan izango da, “hauteskunde kanpaina sozializatu eta jendea aktibatu nahi dugu”.